Koadernoak
Tiraderetan gauza baten bila nenbilela, koaderno eta libreta pilo bat aurkitu ditut. Zazpi bat izango dira, eta pare batek 20 urte ere badituzte! Haluzinatu egin dut eta konturatu naiz koaderno eta libreta politekin obsesioa dudala. Topatutako ia guztiak idatzita daude, baina denak amaitu barik.
Denetatik aurkitu dut: ertainak, txikiak, espiraldunak, arruntak, politak…Koaderno batzuk hain dira ederrak, non erabiltzeak ere pena ematen didan! Dotore horietako bat atzetik dut hasita, irakurri nahi ditudan liburuen zerrendarekin, letra txikiz, ahalik eta gutxien “zikintzeko” libreta, itxura batean.
Koaderno zaharrenak “bikotea” dira, kit bat, batera erosiak Londresen. Batean aspaldiko lagunen helbideak dauzkat (auskalo pertsona horiek non bizi diren orain). Eta bestean topatu dut gauza onena: poemak, testu laburrak eta esaldi solteak! Bertan nituen apuntatuta, nerabezaroko kontuak (edo lehenengo gaztarokoak), karpetetan-eta idazten genituenak! Batzuk oso infantilak dira, eta txarrak. Baina onen bat ere agertu da. Jakina, onak idazle famatuenak. Ia guztiak estilo erromantikokoak, maitasuna eta horrelako gaiak jorratzen dituztenak. Kezka soziala agertzen dutenak ere badira, baita euskararen aldekoak ere. Agian gauza politen bat topatuz gero, berreskuratuko dut. Ez nirerik, prefosta! Gutxi batzuk nik eginak direla esan dut, lotsa sortzen didatenak. Poemak eta testuak, denak eskuz idatzita daude, baina itsatsitako errekorteren bat ere badago.
Bai, eskuz. Ahalik eta txukunen jarriak, nahiz eta beti nahiko narrasa izan naizen holako kontuetarako. Urte hauetan zelan aldatu zaidan letra! Txarragoa, ulergaitzagoa dut orain, baina onera joan dela ere esan nezake! Oraingoa “basatiagoa” bada ere, libreagoa badela esan nezake, konbentzionalismo gutxiagorekin!
Beste libreta baten, berriago eta arruntagoan, duela gutxira arte erabilitakoa, egin beharreko gauzen zerrenda topatu dut: bonbillak erosi, zapatak konpontzera eraman, depilatzeko txanda eskatu, prakak jasotzera joan…Bizitzaren metafora dira koadernotxo hauek, bizitza nola aldatzen zaigun lekukotza dut libretetan: poemetatik betebehar domestikoenetara! Heltzearen alderik ilunena eta itsusiena, beharbada. Amets guztiak utzi, txoriburutasuna laga, eta errealitateak okupatu du fantasien espazio hori, grisagoa bihurtuz, zentzunez betez, betebeharrez lepo, ilusioak estaliz…
Koaderno gehiago ere bada. Oraintxe gogoratzen dut armairu batean koaderno pare bat ere baditudala nerabezaroko egunerokoekin! Terribleak dira, baina gauza politak ere badaude, gaztelaniatik euskararako aldaketa, adibidez. Kontzientzia piztea eta errebindikazioa. Barruko lanketa. Sinplea baina sakona. Agian haiek irakurrita jakin liteke orduko neskatila zergatik den horrelako emakumea egun. Horregatik, oso ondo gordeta daude, inoren begiek ikus ez ditzaten, baina bota ere ez ditut botako, nire izaeraren eraldaketak erakusten baitituzte.
Eta bileretako koadernoak. Batzuk botata dauzkat, baina badago beste bat gordeta, betiko gordeko dudana. Barre eta malko gehiegi dituelako bere barruan, eta oso denbora laburrean irakaspen askoren –larregiren, agian– , bitakora izan zelako. Benetan markatu ninduen sasoi oker baten testigantza dutelako.
Nork esango luke bizitza oso bat 10 kaieretan isla zitekeenik?