Kirolez blai
Pasa den igande goizean, irratia piztu eta Behobia-Donostia lasterketako kide batzuen elkarrizketa entzun nuen. Hara —pentsatu nuen neure kautan—, amaitu denez, ez dut gehiago entzun behar izango. Baina oker nenbilen, elkarrizketak amaitu ostean, saioa agurtu, eta futbol partida bat emateari ekin zioten. Informatiboa ere aurreratu zuten zertxobait, inork minuturik galdu ez zezan, badaezpada ere!
Kirola jaun eta jabe. Futbola, batez ere. Eta, batik bat, jaun, gizonena eskaintzen delako, oro har. Neguan. Udan, estropadak beste ezeren gainetik. Hori bai, gizon eta emakumeenak. Eskerrak. Neguan, astean zehar, ordea, gizonezkoen futboleko Lehen Mailako euskal talderen batek partida jokatzen badu (eta lau talde dira!), jokatzen duten orduan jokatzen dutela, betiko programazio osoa, kanpora. Ondotxo dakite hori Nekane Peñagarikanok eta Arantxa Iturbek, Arratsean saioko gidariek, Euskadi Irratia + izeneko web zerbitzura desplazatzen baitituzte. Futbola izan zitekeen mugitutakoa, ezta?
Hori Euskadi Irratian. Pentsatzen dut Radio Euskadin antzera izango dela. Baina zer gertatzen da ETBn? Portaera desberdina dute Euskal Telebistako kate biek. Kirol emanaldi guztiak ETB1en egiten dituzte, ez dago bakarra ere ETB2n. Beraz, kirol zama guztia euskarazko katean kargatzen dute. Gainera, ezin da ahaztu, asteburuetako ia emisio guztia kirolek betetzen dutela. Ostiral gauetatik, igande gauetara. Saio gutxi daude kirolari eskaini bakoak: meza, Oholtzan eta informatiboak. Horiek salbuetsita daude, ordutegi horretan ez dagoelako probarik. Nahiko nuke ikusi, bestela, kateko arduradunek noren alde egingo luketen: meza ala kirola.
Beraz, asteburuetan kirol telebista bihurtzen da ETB1. Berdin da zer eman. Ez du axola pilota partida zahar bat den, edo futbolean kadeteek jokatzen duten. Kontua da kirola ematea. Eta diot nik, hain ezinbestekoa bada futbola jartzea larunbat arratsaldeetan, zergatik ez dute ematen Lehen Mailako emakumeen partidarik? Behintzat, berdintasunaren alde egingo luke telebista publikoak. Era berean, emanaldietako batzuk ETB2n eskaini beharko lirateke, baina euskaraz, jakina. Horrela ere, euskarara erakarriko lukete inoiz ETB1 isiotu ez duen jendea, eta euskaldunoi espazioa eskainiko ligukete bestelako programazio bat izateko, premia gorria daukagu-eta.
Askotan, egia da saiook betegarri lanak egiten dituztela. Beste batzuetan, ostera, kirolzaleen gozamenerako ere izango dira, ez diot ezetzik. Baina ez du sustatzen eta bultzatzen benetako kirola. Espektakulua baino ez du indartzen emanaldi uholde horrek. Produktua, merkatua eta negozioa, besterik ez. Izan ere, bultzatzekotan, norgehiagoka eta lehia bultzatzen ditu, eta euskaldunon arteko ezinikusia eta probintziakeria. Hori guztia batzuen mesedetarako.
Nire ustez, kirola egitea sustatu beharko litzateke. Eta askotariko kirola, pilotarekin eta futbolarekin orekatze aldera, ehunka modu daudelako gorputzari eragiteko. Era berean, sedentarioak garenok ipurdia mugitzera animatuko gaituen zerbait ere eman behar luketelakoan nago. Ez dut esango aerobika, gure nerabezaroan Eva Nasarrek TVEn egiten zuen bezala, baina bai zeozer aulkitik altxatu gaitezen. Horrela ere zerbitzu publikoa egiten da eta.