Ken Follet, best sellerrak eta euskara
Askotan esan dudan moduan, orain best seller eta nobelitak dira nagusi nire mesanotxean. Burua ez daukat gauza askoz gehiagorako. Hau ez da txarra, nahiz eta oso irakurtzaleak garenok geure burua zuritzeko premia sentitzen dugun. Uste dut, ez diogula hainbesteko garrantzirik eman behar, irakurzaletasuna zaletasun bat da, eta kitto! Baina honetaz jardungo dut prestatzen ari naizen beste post batean
Irakurrita daukat “Los pilares de la tierra”, eta gustatu zitzaidan, beste barik. Entretenigarria da eta kateatu egiten du irakurlea, baina gazapo bat ere harrapatu nion. “Un mundo sin fin” ere irakurriko dudala uste dut, nire liburutegietan hartzeko moduan badago, behintzat. Dena dela, ez naiz zoratuta ibiliko, eta oraintxe momentuan ez dago nire zerrendan. Liburu-dendak goizaldean zabaltzearena mozolokeria iruditzeaz gain, marketing kanpainia erraldoia dela begitantzen zait. Hala ere, askok irentsi zuten amua, eta ateetan izan ziren zabaltzeko zain. Enfin!
Nahiko nuke jakin, ordea, zenbat diru ordaindu dioten Ken Folletin idazleari Gasteizen katedral zaharrean bere liburua aurkezteagatik. Doan ez zuen egingo, horraittiok! Hala balitz, munduko aurkezpena bertan egingo zuen, edizio originala eta gaztelaniakoa batera. Hala uste dut nik.
Gero estatuarena. Nahiko bitxia iruditzen zait behin bertan egondako idazleari brontzezko irudi bat jartzea. Ez ote dago gasteiztarrik edo arabarrik merezi duenik? Zeharo harrituta laga ninduen. (galdera maltzurra: Alfa-artek egindakoa da? Hala bada, ulertzekoa da. Oso ondo saltzen dute euren produktua, gure herrietako kaleak ikustea besterik ez dago)
Ekitaldi honen inguruan nik faltan euskara sumatu dut, bere liburuak euskaraz. Aurkezpenean “Lurraren zutabeak” ere aurkez zezakeen; hau da, “Los pilares” euskaraz. Gauza minimotxo bat, ez dut “Amaiera gabeko mundua” esan, kontuizu! Askok esango dute ez duela merezi, ez dela maila handiko liburua, beste premia batzuk ditugula…ondo da, ados, konforme, baina best sellerak gehien irakurtzen direnak ere badira, eta euskaldunok horiek ia guztiak gaztelaniaz edo frantsesez irakurtzen ditugu. Penagarria da, nahiko nuke horrelako liburuak euskaraz ere mailegatu ahal izatea. Erreferente horiek guztioriek euskaraz izatea. “Eraztunen jauna” ez dut irakurri, baina hortxe dauzkat, zain, euskaraz.
“El Código da Vinci” Katalunian lehengo katalanez argitaratu zen. Bale, kalatandunak hiru milioi dira. Tira, liburu txarra da, baina baita irakurrienetakoa ere. Kalitateaz gain, kantitatea eta merkatua ere behar ditugu. Gauza errazak eta atsegina, euskaldun alfabetatu euskaraz irakurtzera ohituta ez dagoena erakartzeko. Merkatuan modan dagoena ere behar dugu, eta ez dakit horretaz kontziente garen askotan. Gure mundutxoan gaude sartuta, eta ez ditugu beste errealitate batzuk ikusten