Kapela buruan eta ibili munduan!
Gure aitita-amama denboretan kapela janzten zuena dotorea zen, ez zuelako baserritarren burukorik eroaten (zapi zein txapela). Beraz, kalekoa eta aberatsa izatea adierazten zuen. Honen adibide dugu “Baionako suprefeta” Pantxoa eta Peioren kanta ezaguna. Prestigio sozialaren ikurra zen; izan ere, denek burua estalita eramaten zuten, hori baitzen ohitura.
Denbora aurrera joan ahala, sonbreiruaren erabilera ia desagertu egin zen. Buruko guztiak joan ziren: zapiak, txapelak, kapelerak, pamelak,... Kaskoa estali barik izatea askatasun eta ohitura berri malguagoen erakusgarri bihurtu zen. Txanoak-eta hotz handietan edo hondartzan baino ez ziren ageri.
Pena handia eman dit moda horrek, ni ginbailen (zelako berba polita!) zale itzela naiz-eta. Hori dela eta, beti ahalegindu izan naiz bat edo beste janzten, lotsa handia ematen bazidan ere. Ez dakizue zelan begiratzen duen jendeak kapelu bat jarriz gero! Baita barre egin ere! Barre, alajaina!
Beraz, nire ametsa izan da beti ezkontza ingeles (Cuatro bodas y un funeral-en moduan) edo nobleziaren ezkontza batera joatea. Ascoteko zaldi-lasterketetan ere disfrutatuko nuke, horratik! Badakizue zelako kapela jantziko nukeen?...Itzela, ikusgarria, polita...Txanpinoi bat emango nuke, baina, zer demontre? Zelako gozatua!
Jatorrizkoa: Creative Commons Aitortu © cc-by: Zenera
Horregatik nabil oso pozik negu honetan. Erakusleiho guztiak ginbailez (zelan gustatu zaidan hitz hau!) beteta daude, moda-modan, horretara! Iaz hasi zen txapelen eta gorroen moda, eta hotz handiak egin zituenez, ikaragarri aprobetxatu nuen, baita pare bat erosi ere. Hori dela eta, aurten ondo hornituta nago; eta lastima da, kapela izugarri gustagarriak baitaude. Beharbada, merkealdian...
Hemengo argazkiak (bat izan ezik) neure kaleko denda batzuei ateratakoak dira. Ia guztiak errenkadan, eta parez pare. Erretratuak ez dira oso onak, baina arretaz begiratuz gero, oso buruko originalak eta ederrak ikusten dira.
Nik irakurle guztiak animatu nahiko nituzke txapela/kapela/txanoa/ginbaila janztera, modan ibiltzeaz gain, epel-epel izango dituztelako ideiak eta burua, eta datorkigun neguan biziki garrantzitsua izango delako: Kapela buruan, eta ibili munduan!