Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera / Kandelak, azak eta aurrera doan herria

Kandelak, azak eta aurrera doan herria

Leire Narbaiza 2017/02/27 22:25
Gipuzkoako Hitzan argitaratutan 2017ko otsailaren 24an

Deba, Ispaster, Lemoiz, Tutera. Mantra bat bezala errepikatzen ziren udalerri hauen izenak txikia nintzenean. Espantu keinu batez, zentral nuklear proiektu banari lotuta zihoazelako. Lemoiz baino eraiki ez bazen ere, izen zerrenda bihurtu zen laukotea, eta eguzki antinuklearrez bete zitzaizkigun bazterrak. Hogeita hamahiru urte pasatu dira bertan behera laga zituztenetik –Lemoiz eta beste proiektuok–; hala ere, entzundakoak ez zaizkigu ahaztu. Hiru hamarkada igaro dira, eta kandelen argia ez dugu behar izan, ez bada meditaziorako edo Arraten Ama Birjinari azterketak gainditzeko eskatzeko. Gure menuak ere aberastu dira atzerriko makina bat jakirekin, iragartzen ziguten aza-jan hutsa ezerezean geratuta!

Euskal kosta ez nuklearra

Kandelak kandela eta azak aza, mamu hilgarri horiek uxatuta, ondo-ondoan Garoñako zentrala geratzen zitzaigun. Itxita bazuten ere, eta amesgaiztoa amaitu zela uste genuenean, hara non etorri den baimen berria. Sinestezina, ulertezina. Estatuko nuklear zaharrena, Fukushimakoaren modelo berekoa, atzera ere martxan jartzeko baimenarekin! Noren buruan sartzen da?


Bataila bat irabazita beste frente bat zabalik. Bat gaindituta, beste asko ageri. Zentral nuklearrak ez direnean, urre mehatzea da Kanbon. Edo haustura hidraulikoaren mehatxua (frackinga). Abiadura handiko trena ere hogeita bost urtean beti presente. Ezin ahaztu, zoritxarrez, Zubietako erraustegia, kosta ahala kosta egin beharrekoa.

Garoña-Zubieta
Garoña- Zubieta konparatiboa

Aitatutako adibide guztiak irakurrita, atentzioa ematen dit gobernuetan zein interes dagoen proiektu hauek egiteko, eta gizartean zein errotuta eta instalatuta dagoen aurrerabidea dela azpiegiturak eraikitzea. Desarrollismoa hirurogei-hirurogeita hamarreko hamarkadetako fenomenoa omen zen, baina hortxe segitzen du, herritarren garunean sartuta. Aurrera doan herria!


Esan dudan bezala, bataila bat irabazi orduko, beste bat dago irteteko zain. Ingurugiro kontuetan beti iruditzen zait ez dagoela zereginik hipergarapena defendatu eta bultzatzen duten horien aurrean. Historikoki galtzaileen ezpalekoak izatera ohituta bagaude ere, horrelakoen aurka gaudenon ikuspuntua gogargietsien ikusmoldea dela ematen du.


Badirudi alde daudenek ez dutela errealitatea ikusten eta interes jakin batzuen soinutan egiten dutela dantza. Adierazi zuen Rajoyk bere lehengusu fisikariak kontatu ziola ez zela aldaketa klimatikorik. Oraintsu Trump ahalguztidunak ere ukatu du halakorik denik. Olano ahaldun nagusiak ere berriki esan du erraustegiaren kontrakoek osasuna erabiltzen dutela aitzakiatzat. Tapia azpiegitura sailburua ere pozarren agertu da Espainiako gobernuarekin sintonia ona dagoela AHTri ekiteko.


Dirutzak gastatu ziren Lemoiz eraikitzen. Zubietako erraustegiak porrot ekonomikora eramango ditu Gipuzkoako herri asko. Abiadura handiko trena hondo bako putzua da; ingurugiroari kaltea eragiteaz gain, babes sozialean, osasungintza edota hezkuntzara bidera zitekeen dirua irensten duena, ogro gosezto aseezin baten gisan.


Eta dena zertarako, zeinen mesedetan? Noren aginduetara daude agintariak? Hain itsu ezin baitira egon, begi-bistakoa delako zelako eragin okerra duten gure osasun eta bizi kalitatean.

Gipuzkoako Hitzan

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua