Izendatzen ez dena, ez da
Irratian Basque Label Harategiak izeneko produktu baten iragarkia nabil entzuten azken boladan. Eusko Label pean omen dagoen Euskal Okelaren saltokiak dira harategi hauek. Kalitatea goretsi nahi dute, eta halako establezimenduetan “harakin maisuak” daudela esaten zaigu spotean. Zalantza sortu zait harategi horietan ez ote dabilen emakumerik lanean, edo, beharbada, daudenak ez ote diren maila goren horretakoak, harakin laguntzaileak-edo, aprendizak akaso; aitatzen ez direnez, ezin jakin…
Egia esatera, harakin estereotipoan gizonezko indartsu eta musugorriak agintzen du. Baina estereotipoa eta errealitatea normalean ez dira bat etortzen. Horregatik, besterik egiten ez badugu ere, bada ordua imajinario hori aldatzeko, emakume harakinak ere badirela esateko, maistra harakinak ere izan litezkeela, gizonen parekoak, eta euren propagandetan ere izendatuta agertu behar direla.
Iragarkia behin eta berriro entzunda, ezin isilik geratu, eta Twitterren idatzi nuen ea Basque Label Harategi horietan ez ote zegoen emakume harakinik, denak maisuak izanda hori ematen zuelako aditzera anuntzioak. Euskaraz, behintzat, hala da. Handik gutxira, Eusko Labeletik erantzun zidaten baietz, bazeudela, baina hori zela eslogana, eta jarriko zituztela Interneten bideoak emakume harakinekin! Ajam! “Ondo hasi gaitun”, pentsatu nuen.
Erantzun egin nien (zelan ez!) horrela, aitatu barik, emakume harakin horiek baztertzen zituztela —ez dezagun ahantz irrati iragarkia zela—. Gainera, euskaraz biak aipatu behar direla ere gehitu nuen. Maistrak zirela, ez maisuak. Maisuak gizonak baino ez direla, eta iragarkia gaztelaniaz pentsatuta zegoela ere bota nien. Atzera ere erantzun zidaten, maisuak eta maistrak zeudela, eta webaren lotura jarri zidaten (gaztelaniazko lotura!). Ikaragarria! Ez zidaten batere ulertu! Berdintasun kontu bat ez ezik, hizkuntza kontu bat ere badelako, euskaraz harakin maisu-maistrak esan behar delako generikorik ez dagoelako kasu horretan, nahiz eta gaztelaniaz maestro (maskulinoa) RAEk generikotzat hartu.
Baina badugu generikoa dena desgenerizatu (barkatu asmakeria) zuenaren adibide ezagun eta argia, eta jarriko dudan eredua ez da feminista militante batena, ezta gutxiagorik ere. Denok dugu gogoan Ibarretxe lehendakari izan zenean jarri zuela modan “vascos y vascas” famatua. Ordura arte, halako diskurtsoetan gutxitan entzuna, baina gure belarrietan erraz bide egin zuena. Lopezek lehendakaritza lortutakoan, ez zuen erabili aurrekoarena, distantzia jartzeko, agian, eta “vascos” bihurtu ginen denok. Hala ere, “vascos” horrek ez gintuen emakume euskaldunok bere baitan hartzen, “vascas” ere entzun behar genuen barne geundela ulertzeko. Izan ere, hitzak tanta txinatarrak bezalakoak dira: poliki-poliki egiten dute zuloa eta ubidea.
Baina hainbesteko garrantzia du honek? Zergatik gabiltza hain tematuta aitatu beharrarekin? Zer dela eta jotzen dugu kaparrada kontu honekin? Burutik jota ote gaude? Ez, bada, izendatzen ez dena ez delako existitzen, eta aitatzen ez bagaituzte ez garelako ezer. Anjel Lertxundik Azkenaz beste liburuan dioen moduan: “Izenik ez duena, nola izango da izanaren jabe?”. Izenik eman ezean izana ukatzen zaigulako. Ikusezin bihurtzen gaitu, ahaztuta laga. Izan ez bagina bezala, maistrak ere bagarelako.