Iruñeko euskaldunen lezioa
“Ezin gintezke engaina,
Xumetasun hau gu gara,
Bizirikan gaude baina,
Egin dezagun algara
Hemen jaio, hemen hazi.
Hemendik kanpo ezin bizi.
Eta duena merezi
Euskaraz adierazi”
Ez naiz poeta bihurtu, lasai. Pasa den larunbatean Iruñeko Burguen plazan entzundakoaren zatitxo bat baizik ez da. Bertan “Joxemiel Bidador. Iruñeko euskaldunak” pastoral ederra jokatu zen Bidador dantzari, euskaltzale, idazle, irakaslearen omenez.
(dantza.eus-etik hartutako bideoa Oier Araolazarena. 10" hasten da kantua)
Gazterik hil zen Bidador, berrogei urte bete aurretik. Pertsona maitagarria eta maitatua zen, eta nik bezala, bizirik ezagutu ez genuenondako, muntaia paregabea izan zen zapatukoa. Ezin aproposagoa horrelako lana egin eta karisma zuen gizonezkoari gorazarre eta omenaldia egiteko.
Antzezlan fina eta dantzari eta abeslari trebe asko ezagutu genituen plaza horretan. Ordu ugari lanean jardundakoak azken emaitza duinetik harantzagokoa izan zedin. Eta lortu zuten. Kalitate bikaineko ikuskizuna eskaini baitziguten. Eman nahi zutena, ordea, ez zen kalitatezko espektakulua, pertsona handi batenganako errespetua eta miresmena. Lortu zenuten, zorionak.
Zuetako askok galdetuko zenioten ea zertan nabilen Gipuzkoako Hitzan, iritzi sailean ikuskizun baten kronika egiten; batez ere, nafar bati nafarrek egindako omenaldia izanda. Itzuli gara gure esparrutxo probintzianoetara, ezta? Kontua da, Iruñean ikusitakoak hausnarketa asko eragin dizkidala.
Alde batetik, zenbat jendek eta zein desberdinek hartu zuten parte antzerkian, zelako elkarlana sortu zen hainbat elkarte, kolektibo eta norbanakoren artean. Nolako lana eta adostasuna lortu ziren, gure herrian ez dena batere arrunta, bakoitzak bera esparrua defendatzeko lubakiak eraikitzen baititugu, eta nahi baino sarriagotan, bertan gotortu egiten gara. Iruñean egindakoak komunitate hori trinkotzeko balio duela uste dut. Eta bati baino gehiagori entzun nion bezala, mugarri izan liteke etorkizunerako.
Bestetik, beste herrialde batzuetako euskaldunondako balio lezake gure mikro-mundutik ateratzeko, burua zabaltzeko, begietako benda kentzeko. Izan ere, gure Gipuzkoa-Bizkai semi-euskaldun honetan oso barneratuta daukagu, nire ustez, hemen topa genitzakeela euskaldunak, baina zonalde ez hain euskaldunetan (ejem, ejem) nekez aurki genitzakeela euskaraz dakien inor. Horrela, Bilbo, Gasteiz, Iruñea edo Baionara joanda, gutxitan hartzen ditugun euskararen zutoihala eta lantza, hiri horietan gure hizkuntzan jarduteko (gure herri ustez euskaldun hauetan hala horniturik irtengo ez bagina legez). Kaskoan sartuta baitugu hemendik kanpora euskaldunak kontu exotikoa direla, gu garela azken mohikanoak. Edo okerrago, guk mantentzen dugula euskal esentzia bizirik.
“Bilbotarra eta euskalduna? Benetan?!” harritu zaizkio bilbotar euskaldunei sarri, jakin barik Ramon Saizarbitoriak esan zuela: «Euskara Bilbon salbatuko da edo ez da salbatuko». Berak Bilbo jarri zuen adibide baina Iruñea, Gasteiz eta Baiona gehituko nizkioke. Teorian arrotzak zaizkigun horietatik asko ikasteko baitugu: elkarlana, grina eta aurrera egiteko gogoa.
Eta ez dezagun ahatz hasierako kantuak dioena: xumetasuna garelako, eta bizirik gaudelako, egin dezagun barre, ospa dezagun euskaraz. Bidadorrengatik eta bere moduko guztiengatik! Biba Iruñeko euskaldunak!
(Hemen artikulua)