Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera / Irratia

Irratia

Leire Narbaiza 2012/10/27 12:55
Euskadi irratia 30. urteurrena ospatzen ari denez, niri post hau otu zait.

Umetako oroitzapenei soinu banda jarri beharko banie, irratiaren doinua izango luke. Izan ere, gure etxean beti egon izan da irratia piztuta, goizean goiz, zein eguerdi-arratsaldean. Batez ere sukaldean. Ez telebistarik ez zegoelako (nirekin batera sartu omen zen etxean), ohitura hori izan dugulako beti.

Independizatu nintzenean ere, pisu hartara eroan nuen gailu elektriko bakarra transistore bat izan zen, zoratu eta azkenerako Arrate irratia baino sintonizatzen ez zuena! Gero, opari izugarria jaso nuen: musika katea. Bertan, musika ere entzun arren, irratiak ordu luzez egiten zuen behar; izan ere, jaiki bezain laster irratia pizten nuen, eta pizten dut pisu honetan eta musika-kate berean.

Hori egiten baitut: esnagailua jotakoan, irratia entxufatu, argia piztu aurretik. Jakina, honek batzuetan arazoak baino ez dizkit ematen; izan ere, pi-pi-pi horrek berriro jo artean, irratiko albistegia entzunez erdi-lokartu egiten naiz, eta berriak ametsetan sartu eta, askotan, ez dut jakiten benetan entzun dudan edota ametsa izan den. Edo bien nahastea!

Irratia nirekin oso lotuta ikusten dut. Zer esanik ez, etxe honetara bizitzera etorri nintzenetik, telebista barik lau urte bizi izan nintzelako. Orduan, egun osoan egoten zen piztuta, hainbat katetako programazioa jakiten nuen eta zapin ere egin. Gainera, Matrallako irratian saioa ere egiten nuen: "Albarakia paparrian". Irratia nire bizitzaren parte garrantzitsua zen!

Hala ere, esango nuke, irratia entzutea (eta goizetan entzutearena) galtzen ari den ohitura dela. Edo, beharbada, ez dagoela nik uste bezain zabaldua. Goizetan informazio dosi hori ezinbestekoa da niretzat, kafe katilua bezain. Horregatik, sinestezina egiten zait jendeak esaten didanean ez duela irratirik entzuten, edo automobilean baino ez duela isiotzen; edota musika irratiak edo irrati-formulak besterik ez duela sintonizatzen. Batzuek-batzuek inoiz entzuten ez dutela ere aitortu didate!

Ikasleen artean ikusten dut joera hori. Zenbat eta gazteago, orduan eta eta gutxiago dira irratizale (salbuespenak badaude ere). Honetaz gain, esan nezake zenbat eta zaletasun txikiagoa izan irratiarekiko, orduan eta desinformatuago. Hori ere hala da.

Horregatik, batzuetan neure burua friki samar ikusten dut ez-irrati mundu horretan; izan ere, goizeko klasean, adibidez, azken berriak komentatzen baditut, ia inork ez ditu jakiten (egunkaria aurretik irakurtzen duen batek salbu). Eta etsigarria egiten zait.

Hiper-informazioaren mundu honetan, irratiak ez du bere paper hori galdu. Internetek beste bide bat baino ez dio zabaldu. Kontuan izan, Kukutzako gaztetxearen hustea gertatu zenean twitter eta Irola irratia izan genuen askok informaziorako bide. Iturri biak internetez, elkarren osagarri, biak ezin besteko.

Beraz, irratiari etorkizun handia ikusten diot, telebistari baino handiagoa, nahiz eta batzuen artean zerbait demodé izan. Eta seguru nago, nire bizitzaren soinu banda izaten ere jarraituko duela!

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua