Irakurketa interneten
Begi bistakoa da internetek aldatu egin duela gauza asko egiteko modua, eta hauetako bat irakurketa da. Azken aldi honetan bueltaka darabilt buruan eta azaltzen ahaleginduko naiz, erraza ez den arren.
Irakaslea naizen aldetik, asko kezkatzen nau fenomeno berri honek. Argi daukat ondo idazteko, hizkuntza ikasteko, lexikoa handitzeko, ortografia ikasteko eta abarrerako irakurtzea ezinbestekoa dela; baita kultura eta jakintza lortzeko ere. Gainera, gure ikasleak (zoritxarrez) azterketei begira daudenez, modu oso garrantzitsua da ganorazko idazlana egiteko.(Post hau idazten ari nintzela artikulu interesgarri hau argitaratu dute Karrajuan)
Dena dela, konturatuta nago, hainbat ikasle gazteren artean irakurketak daukan fama txarrarekin. Euren ustez, zaharren kontua da, modaz pasatakoa; izan ere, irakurketa liburuekin baino ez dute lortzen. Nik, baina, beti esaten diet oso liburu zalea izan arren, edozein gauza irakur dezaketela, gainera orain interneten doan euren eskura nahi beste idazki dituztela. Baina hemen dago gakoa.
Interneten irakurtzen badute, nola irakurtzen dute? Labur eta saltoka? Sakon? Klik eginez? Kontzentratu barik? Zelan? Esango nuke, Interneten (edo ordenagailuan) egiten duten/dugun irakurketa azalekoagoa dela, saltokoa, alegia. Gain-irakurketa, sakontasun gutxikoa dela esatera ausartuko nintzateke. Zeharka, interesgune bila, paperezko egunkarietan askotan egiten den bezalakoa, datu konkretu baten bila.
Gainera, badago zapping fenomenoa; hau da, klik, klik, klik eginez orririk orri ibiltzea, azkenerako jakin barik non hasi garen eta zertarako geunden lehenbiziko orri horretan. Horrela jardunda, esango nuke ez direla hasierako premisak betetzen, eta irakurri bai, baina ez dela irakurketa hutsa, antz handiagoa du elkarrizketekin gertatzen denarekin: gairik gai salto egitea, ia hari galdu arte.
Zergatik diot hori? ez daukat froga zientifikorik; baina, ikasleen kasuan, galdera konkretu bat eginez gero, ez dute informazio osoa ematen ez dutelako jaso. Eta hainbat lagunekin ere tokatu zait, e-mailen bat bidali, gauzak esan eta esandakoa atzera ere galdetu. Behin baino gehiagotan. Ulermen eskasagoa, beti ere irakurketa "tradizionalarekin" alderatuta.
Hau ez da txarra, ezta ona ere. Fenomeno berria da, ez diguna balio helburu berberak lortzeko. Beste barik. Hori bai, bigarren paragrafoan azaldu duana lortzeko, beharbada, irakurketa paperean ere egin beharko da, ez soilik interneten. Hori baino ez.
Idazmenaz ere jardun nahi dut sortatxo honetan, bosgarrenean edo izango da hori. Bitartean segi irakurtzen gure blogak. Mila esker!
Aupa, Aiora!
Eskerrik asko erantzuna lagatzeagatik! Ez dakizu zenbat estimatzen den iraitzia eta iradokizuna!
Paperezko irakurketa sutsua egin dudala iruditu zaizu. Beharbada, ez dut ondo azaldu. Interneteko irakurketaren aldekoa naiz erabat, ez dut alferrik-eta blog bat :-) Nik nahi nuen esan, helburu konkretu horiekin (testuaren egitura ikastea gero idazlanak egin ahal izateko) pixka bat hankamotz gelditzen dela; izan ere, euskarri eta formatu bi dira. Hala ere, nahiko nuke ikasleek interneten ere irakurriko balute!
Internetako erabiltzailea aktiboa den horrekin zalantzak ditut. "Atsegin dut" klikatzea, retwitteatzea edo birbidaltzea ez dakit zein neurritan den aktibo izatea. Eta sinets iezadazu, blogetan erantzunak oso urriak dira. Hori bai izango litzatekeela aberasgarri idazten eta irakurtzen dugunentzat.
Irakasleok birziklatu, alfabetatu teknikoki eta laguntza morala ere behar dugu. Esperimentuak egin litezke, baina egunerokotasunak jan egiten gaitu, eta sarritan aukera handirik ere ez dugu izaten.
Ez dago dudarik internetek mundu berri itzela zabaldu digula, eta hau hasiera baino ez dela. Lehengoak gara eta ahal duguna egiten dugu. Batek daki zenbat gauza ekarriko digun etorkizuneko sareak! Probatzen gabiltza eta askotan sartzen dugu hanka. Hala ere, ohituko gara eta normalizatuko dugu bizitza digital hau.
Mila esker eta hurrengora arte, Aiora