Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera / Ikasturte hasierako kezkak

Ikasturte hasierako kezkak

Leire Narbaiza 2014/09/26 08:30
Gipuzkoako Hitza-rako idatzitako artikulua

Ziurgabetasuna da nagusi irailean euskaltegietan. Oraindik ezin dugu esan zenbat lagun matrikulatu diren. Datuak datu, gutxiegi izango dira izena emandakoak, dagoen premia ikusita. Batez ere, ez-euskaldun eta erdi-euskaldun gehiegi dabilelako bazterretan. Baina euskarara ekartzeko ahaleginak ez dira nahikoak izan, antza. Hainbat dira arrazoiak, eta ziurrenik, arrazoi konjuntzioagatik izango da euskara ez ikastearena. Baina uste dut batzuk-batzuk azaltzeko gai banaizela.

Alde batetik, dirua. Matrikula garestia da. Astean hamar orduko jarduna izanda, kurtso osoan 400 €tik gorakoa da prezioa, normalean bi epetan ordaintzekoa. Bekak badaude, baina normalean a posteriori, eta batzuk azterketak gainditutakoan. Entzun diot inori esaten ingelesa-eta ikastea askoz garestiagoa dela. Ados. Baina euskara hemengo hizkuntza ofiziala da; ingelesa, ez! Gainera, ez dezagun ahantz gaztelania doan ikas litekeela HHEetan (EPA, helduen hezkuntza zentroetan). Zentro horiek ez daude Espainiako ministerioaren menpe, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailekoak dira. Beste norbaitek esan lezake euskara ere ematen dela zentro hauetan, eta egia da, baina oso nozio oinarrizkoetan geratzen dira ikastaroak. Beraz, euskararen premia izanda ere, euskalduntzeak dakarren ahalegin pertsonalaz gain, ordaindu ere egin behar dugu.


Bestetik, euskararekiko desmobilizazio orokorra ikusten dut. Ez dio inori ardura, orokorrean esanda. Gure hizkuntza babestuta dago, hezkuntzan ikasten da, erakundeak dauzka,.. zer gehiago behar da, bada? Bere bidea segituko du, egingo dute, zer ardura dio gaztelaniaz edo euskaraz aritzeak? Kontua elkar ulertzea da, ezta? Horrelakoak dabiltza askoren buruetan, argi eta garbi adierazten ez badute ere. Polito egiten du afixetan euskarak, “egun on, buenos días” esateak, bagabiltza euskararen alde, baina erdaldunak ere kontuan izan behar ditugu. Itxurakeria hutsa! Lasai asko bizi gintezke Euskal Herrian euskaraz jakin gabe. Zertarako esfortzua egin, ez badu ezertarako balio?


Azken arrazoia azterketekiko obsesioa da. Ikasleak etsaminik etsamin dabiltza, profila eta hizkuntza eskakizuna lortu nahian. Horregatik baino ez direlako matrikulatzen asko, paper miragarri horren bila, eta oposiziorik ez dagoenetan, behera doa ikasle kopurua. Izan ere, titulitisak jotako zentro bihurtu dira euskaltegiak –hau ukatzen duenak gezurra dio–, baina koarentena gabeko ikasleak dira gureak, botika esperimentalik ere ez dugu-eta. Denok gaixotu gaitu gaitz honek, kutsakorra baita oso.


Lehen esan bezala, azterketarako asmorik ez duena ere, dirua itzultzeko baino ez bada, aurkeztu egiten da. Inor onik irtengo da obsesio honetatik, baina gurpil zoroan sartutako kuiak gara, erroberari etengabean bueltaka, jakinda hankatxoa hortik ateratzen duena jokoz kanpo geratuko dela. Eta esan digutenez, gurpilari abiada biziagoa eman nahi diote, titulu berriekin eta exijentzia handiagoekin… Bai, #poziktibity negatiboa.


Ikasturte berriaren atarian beti berdin gauden sentsazioa dut, kezkek itota, immobilismoan murgilduta. Dena den, ez dagoen lekutik indarrak atera eta kurtsoari itxaropenez begiratu behar diogu, izena eman duten horiek baitira euskararen etorkizun eta salbazioa, indarra ematen digutenak, odol berria gure zainetan!

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua