Hurrengo kanpaina iritsi bitartean
Txispun, txispun, txispun, amaitu da azkenean euskararen sasoia. Kitto, itzul gintezke azaroaren erdi aldean bizi genuen egoerara. Topera ibili gara euskaldunak azaroaren 23tik abenduaren 9ra. Bukatu zaigu plantak egiteko garaia, herri normal bat gareneko simulazioak game over du idatzita pantailan. Bueltatuko gara lehengora, guretik ahalik eta gehien emanda.
Gabonei bidea libre laga behar diegu, badaezpada ere. Durangoko Landakoko pabiloian garbiketa sakonean jardungo zuten, gure herri mirrin honen kultura hezur-hutsaren hondakinak eta bilgarrien puskak jasotzen. Pobreok ere errefusa ekoizten dugulako.
Liburu eta disko azokak itxi ditu 53. edizioko ateak. Letra eta musika oihan horretan murgilduta ibiltzen garen guztiok galdu samar ere mugitzen gara, noraezean, hainbeste produktu eta kontu desiragarriren artean. Enpatxatuta paper-festa horretan. Izan ere, argitaletxe eta diskoetxeak dena emanda, modu bulimikoan, eskaintzen digute, askotan, urte guztiko lana.
Bisitari goseztook urte horretako musika eta literatura uztaz hornituta itzuliko gara etxera. Askorendako urtean erosiko duten liburu edota disko bakarrarekin. Beste hainbatendako, era erraza edo modu ia bakarra izango da gustuko hori lortzeko, euskarazko produktuak ez daudelako hain eskura edonon. Gure kulturaren osasun makalaren sintoma adierazgarriena.
Baina etxera iritsi, eta liburuok aurreko urteetako liburuen zutabean geratuko dira, askotan, meta handitu eta ia erraldoi bihurtu arte. Baina zelan irakurri guztiak? Bost urte sabatiko beharko genituzke, barren! Urteok eman jo eta ke irakurtzen, ez lan, ez aisialdi. Telebista eta Internet ere desagertuta gure bizitzatik, sortutako liburu-pilaketa desagertzeko, guztiak irakurri ahal izateko. Jakina, berriro ere azoka edota liburu-dendarik zapaldu barik, multzoa handitu ez dadin. Baina bost urte horiek pasatuta, atzera ere desfasatuta geundeke. Ez dauka erremediorik, ezin da dena leitu. Zulodun botila da: ura bota arren, inoiz ez dugu beteko.
Durangokoa euskaldunon jarrera bigorexikoaren erakusgarria ere badela esango nuke. Ez dugu ahaztu behar azokaren aurretik Euskaraldia izan dugula. Amaitu orduko hasi zen-eta Landakon festa. Ariketa egite etengabe horretan, Euskaraldiak askorengan ilusioa isiotu duela begitantzen zait. Hiztun asko ahaldundu eta irribarretsu ibili da kalean. Oraindik aho eta belarrien txapak ikusten dira paparretan. Eta egindako esfortzua batzuek, behintzat, luzatu dute Durangoko azokak iraun duen arte.
Horrek ere kezkatuta nauka, gure onena eskaintzeko gaitasuna daukagulako, eta zerotik ehunera momentu baten jartzen garelako abian. Dena ematen dugu, baina horrek ondorioa ere izaten du: leher eginda amaitu, indar barik eta ohean egoteko beharra izatea. Eta hurrengo egunean, giharrak minduta ibili ezin!
Funtzioa-n Xabier eta Piterren moduan kantatuko dut: bukatu da, bukatu da, bukatu da, akabo! Zefini demostratzearena! Ea Gabonetan gihar-min hori desagertu, eta osterako indar pixarrak batzen ditugun —edo ilusioa sikiera—, berriro ere abendua iritsi arte, edo hurrengo kanpaina bitartean, behintzat!