Hizkuntza eskakizunak Erresuma Batuan
Albiste baten berri izan dugu azken egunotan: Erresuma Batuan lanean jardun behar duten atzerriko erizainek C2 ingeles maila izan behar dute. Azken urteotan herrialde askotako erizainak joan dira Britainia Handira lanera, han langile kualifikatu hauen premia zuten-eta. Orain arte, ez diete eskatu inolako hizkuntza mailarik, pentsatzen dut nola-hala komunikatzeko gaitasuna izan behar zutela. Dena den, orain eskatuko zaien maila oso altua da, EGAtik gorakoa, 4. hizkuntza eskakizuna, dagoen altuena. Hemen bakarrik halako titulua langile espezializatuek behar dute, teknikoek, euskaltegiko irakasleek... Baina agintari britainiar hauek zer nahi dute, erizain onak ala ingelesez ondo dakitenak?
Imajinatzen duzue halakorik Osakidetzan? Erizain, mediku eta beste hainbat beharginek B2 maila behar dute teorian, nahiz eta askok tutik ere ez jakin. Perfilak jarri zirenean osasun zerbitzuan “kafea guztiendako” egin zen, eta ia guztiei B2 hori ezarri zitzaien. B2 2. hizkuntza eskakizuna da, EGA baino beherago dagoena. Bitxia da, ezta? Ingalaterran erizainek EGA baino goragoko titulua behar dute, eta hemen EGA baino gutxiagokoa.
Zergatik ote? Euskaldunok azkarragoak ote gara? Izan ere ingelesdunek behar dute hizkuntza maila altua duen jendea azaltzeko zein gaixotasun duen, zein tratamendu eroan behar duten, zelan zaindu behar duten euren burua… Baina guk, ostera, maila baxutxoagoa duen osasun profesionalekin nahikoa daukagu. Azkarragoak gara, ez dago dudarik! Ez ahaztu etb2ko informatiboak etb1ekoaren ia bikoitza irauten duela, dena ulertzeko gutxiago behar dugun seinale! (Barkatu badakit ironia txarto ulertzen dela irratian, eta hau ironia da, e? Badaezpada diot!).
Kontua da euskaldunok beti ibili behar garela minimoetan, nerabezaroan moduan prakak labur geratzen zitzaizkigunean, hazi egiten ginelako. Beti barrenak ateratzen; baina, halere, beti labur, beti luzatzen ginen-eta. Zergatik ez ditugu praka luze batzuk erosten? Barrenak hartu, eta hobe soberan izan, faltan baino.
Planteatu beharko genituzke gauza asko, baina merezi duela uste dut