Hizkuntz eskakizunak, ezjakintasuna eta gezurrak
Ez dakit zenbat denbora izango den, baina esango nuke duela hogeita bost urte ezarri zituztela hizkuntza eskakizunak EAEko administrazio publikoan. Mende laurden bat, beraz.
Mende laurden honetan kexak egon dira, baina azken aldian baino ez da entzuten formalki aldatuko behar direla eta berraztertu behar dituztela perfilok.
PSE-EE hasi zen hauteskunde kanpainan bideo iraingarri harekin, gogoratzen? Idoia Mendiak jarraitu zuen sasoi berean forentse EGAdunarekin tematuta. Era beran, EGAren zailtasuna jaisteko eskaera egin da Legebiltzarrean. Eta Bingen Zupiriak, oraingo Kultura sailburuak, segitu du esaten aztertu behar direla perfilok; izan ere, ez da logikoa kale-garbitzaile bati EGA eskatzea.
Tematuta daude hizkuntza eskakizunekin, eta EGA eskatze horrekin. Mendiarena forentseekin patologikoa da. Ez dakit zer uste zuen emakume horrek, hildakoekin baino ez zuela lan egiten mediku honek. Ez, bizidunak ere artatzen ditu, eta peritajeak egin. Beste medikuei besteko perfila eskatu beharko zaio, ezta? Bada, Osakidetzan egiten badu behar B2, bigarren perfila, izan beharko du, Osakidetzako guztiek duten bezala. Hortaz, gezurra esan zuen!
Zupiria jaunari ere esango nioke gezurra esan zuela EGA eta kale-garbitzaileena bota zuenean. Ez dut ezagutzen herririk EGA eskatzen dionik kale-garbitzaileari! Kale-garbitzaile gutxi dira,gainera, langile publiko, beraz gutxiri eskatuko zaio perfilik. Eta eskatzekotan B1, 1. hizkuntza eskakizuna. Horretan ere gezurra, edo ezjakintasuna (ez dakit sailburu baten ahotan zein den okerrago). Gainera, klasismo puntu bat ere badago adierazpenotan.
Itsututa daude EGArekin, euren ezjakintasunaren erakusgarri. EGA c1 da, oso maila altua. Gaztelaniaz askok ere gaindituko ez lukeena. Azterketa berrikusi behar dela? Ados nago, baina maila, azterketarena, Hizkuntzen Marko Europarrak finkatzen du, Europar Batasunak egindako lan zehatz batek, alegia; Europa osorako balio duena, eta hizkuntza askotarako. Honetaz gain, gogora dezagun C1ekin irakasleek klasea ematen dutela. Maila behar da horretarako, ezta?
Aztertu behar direla perfilak dioskute, baina aditz horren atzean “jaitsi” esan nahi dute. Hori da buruan dutena. Jaitsi, eta batzuetan kendu eskakizuna. Eta berraztertzearekin ni ados nago, birpentsatu egin behar dira, maila ez ezik modua. Maila, gainera, kasu batzuetan igo egin beharko da!
Lana kentzen dutela ere, bolo-bolo dabil. Baina ikusi dudanagatik, kualifikazio baxuko langileei ez zaizkie barkatzen eskakizunok, bai ordea goi mailakoei. Ezagutzen ditut gerenteak 4.ena beharko luketenak eta 2.ena ere ez dutenak, arkitektoak berbarik ere ez dakitenak eta 3.ena beharko luketenak. Polizia munizipal buruek 3.ena izan behar zutenak eta 0 direnak. Eta ez da ezer gertatu!
Honekin guztionekin ondoeza sortu nahi dute, hizkuntza eskakizunak baztertzaileak direla iradokita. Baina, orduan, duela 25 urte ez ziren baztertzaileak eta orain bai? Ez ote dugu aurrera egin?
Euskara arma darabilte, boto batzuen truke. Euskara politizatzen zentzurik txarrenean.