Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera / Hilekoa gorroto dut

Hilekoa gorroto dut

Leire Narbaiza 2014/07/28 15:10

Menstruatzea gorroto dut. Bai, hala da. Badakit ez dela politikoki zuzena, ez dagoela modan, baina ez dut gogoko hankartean behera odola isurtzea, ez; zikina, usaintsua eta deserosoa da. Mingarria eta aztoratzen duena, atentzio handia eskatzen duena. Garestia eta edonora poltsa eramanarazten diguna.

Ez dut maite goizeko bostetan esnatzea tripako minez. Ez zait gustatzen titiak puztuta eta minberatua izatea. Ez dut gustuko edozein lerdokeriagatik emozionatzea. Ez ditut atsegin umetorkiaren kontrakzio horiek, ezta odolbilduak iraiztea ere.

Hala da, lagunok! Batzuek esango didazue ez dudala onartzen nire emetasuna. Ez dut uste, gustura nago-eta emakume izatearekin (hilekoak hileko). Beste batzuek esango didazue ez dudala nire gorputza onartzen. Bo, egia liteke. Gaitza da andrezkoontzat gure gorputza onartzea gizartearen kanon hauekin, gure inperfekzioz betetako iragarki eta irudiekin bonbardatzen gaituztenean. Zaila da, bai. Baina halakorik ez zaigu esaten –gure gorputza ez dugula onartzen, alegia– depilatzen garenean, gure ileak ez ditugula maite. Zergatik ote?

Menstruazioa beti da arazo: aurre-nerabezaroan etortzen bada, goizegi delako. aurre-gaztaroan, beranduegi. Zikloaren amaieran ez datorrenean, haurdun egon gintezkeelako gura barik. Zikloaren amaieran datorrenean, ez gaudelako haurdun eta gura genuelako. Aurre-menopausian ziklo barik datorrelako, nahi duenean. Menopausian betiko joan zaigulako. Hori, kontuan hartu barik eguneroko kontu txikiak: hondartzara, oporretara joateko, praka zuriak janzteko,…Beti arazo.

Mitoen kontra egin genuen borrokan. Gure belaunaldikooi, oraindik haur ginela etorri zitzaigunean, sekretismo osoz eroan genuen(dugu). Debeku andama jaso genuen: ezin bainatu/dutxatu/burua garbitu eta ezin izozkirik jan, odol isuria moztu egiten ei zelako; ezin landarerik ukitu, hil egiten zirelako; ezin maionesarik eta horrelako saltsarik egin, ez omen zirelako lotzen… Bai, niri esan dizkidate serio hauek guztiak. Horregatik, probak egiten genituen: hilekoarekin egon eta salako landareari hostoak ukitu. Osasuntsu segitzen zuen! Ezkutuan dutxatu eta izozkiak jan, eta isuriak segitzen zuen…

Era berean, mediku askok (denak gizonezkoak) esaten zuten hileko minak psikologikoak ziela, baina minaren kontrako pilulak errezetatzen zizkiguten (analgesikoak, antiinflamatorioak,… ez botika psikiatrikoak). Ostikada bat euren hankartean sortutako barrabil mina bezain psikologikoa, horratik!

Batzuek esango didazue naturala dela. Bai, hala da. Mukiak eta izerdia ere naturalak dira, baina ez dut gozatzen muki-kandelak dariola izatean edo izerdi patsetan egotean ere ez. Naturala izateak ez du esan nahi gustuko izan behar dudanik.

Ez dago modan esan dudan hau guztiau, badakit. Hilekoren argazki odoltsuak egitea dago bogan, aldarrikatzeko. Edota Naturak emandako dohaina dela gure emetasuna aldarrikatzeko… diskurtso biek gogaitu egiten naute, ados banago ere hilekoa isilean eraman dugula eta baztertzeko erabili izan dutela –aipatu ditudan debekuez gain, ezin ahaztu erlijio handietan hilekodun emakumea ezpurua (izan) dela–.

Eta emetasunarena aldarrikatzeak,…ez dakit, aspertu egiten nau. Beste espezie batzuetan emeen ugalkortasun zantzuak beste era batekoa direlako, halakorik barik. Eta esan behar dut: emakume jaio nintzen, eta ez nintzen "emakume bihurtu" (gorroto dut esamoldea) hilekoa etorri zitzaidanean. Bestela zer, menopausikak (sentitzen dut ezin dut idatzi menopausiko!) eta menopausia ostekoak ez dira emakume? ala emakume izatea ugalkorra izatea baino ez da?

Odolusten garelako bizi ei gara luzeago, odola "garbitu" egiten zaigulako hilero. Baina bizitzako berrogei urtean egitea nahiko da? Zenbat mito gehiago sortu behar ote ditugu prozesu hau jasateko?

Ana Morales
Ana Morales dio:
2014/07/28 22:52
Denean legez, honetan ere bakoitza mundu bat da. Ez dut esango hilekoak ilusioa egiten didala (haurdun ez egotearen albiste ona alde batera utzita), baina ez nau bereziki ernegatzen, segurutik ez dudalako minik izaten, ez dudalako gorabehera emozionalik igartzen eta tanpoiak esistitzen direlako. A ze inbento ona,tanpoiak (garestiak, hori bai). Iragarkiak zioen bezala, "hilekoa ez izatea bezalakoa da"! Izan ere, zuk bezalaxe, nik nahiago nuke hilekorik ez balego, ez diot inongo xarma mistikorik aurkitzen,eta emetasuna... Ze ostia da emetasuna? Nik argi daukat: konstrukto kultural bat. Ala, zuk esandako legez, hilekorik ez duten andreak emetasun gutxiagokoak dira?
Beste kontu interesgarri bat hilekoarekin sexu harremanak izatearen ingurukoa da. Batzuentzat, tabu totala. Ez niretzat. Zerbait isurtzen dugula? Gizonek BETI isurtzen dute (eta indo erotizatuta dago isurtze hori, alajaina!).
leire
leire dio:
2014/07/29 15:32
Mila esker, Ana, erantzuna lagatzeagatik. Ilusio handia egiten du ;-)
Testua idaztean zuekin ere gogoratu nintzen, gorabehera handirik ez duzuenokin. Zorionekoak zuek! Tanpoiez (konpresez eta abarren ere idaztekotan egon nintzen, baina larregi "ematea" begitandu zitzaidan. Kontua da, tanpoiak denok ezin ditugula jantzi, eta hori bai dela suerte txarra!
Uste dut batzuek xarma mistikoa erantsi nahi diotela eramangarriago egiteko, bestela nik ere ez diot azalpenik aurkitzen.
Emetasuna (kontu biologiko hori) ez dakit eraikitakoa den baina femenitatea bai da konstrukzio kulturala. Eta honetaz orain urtebete egindako apuntetxo batekin gogoratu naiz http://eibar.org/blogak/leire/nire-feminitatea
Hilekoarekin harreman sexualak ez edukitzearena ere gizarteak eraikitako gorputza eta naturaren kontrako arbuioa dagoela esango nuke: ezin izerditu, ez dugu jariakinik, eta izatekotan usain bakoak "Siéntete fresca y limpia todo el día" de igortzen diguten etenbako mezua!
Zenbat kontu isilean, ezta? Besarkada bat!!
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua