Happy meal
Donostian paseoan genbiltzan, eta 3 urteko ilobak markesinako iragarkia seinalatu eta esan zidan: «Leire, hori nahi dot». Begiratu, eta MacDonalds hanburger-etxearen anuntzioa zen, Happy Meal produktuarena, hain zuzen. Harrituta erantzun nion ea hori, hanburgerra, nahi zuen, eta txarra zela. Berak ezetz, ez zela txarra eta jende askok jaten zuela. Nik atzera esan nion ez zitzaiola gustatuko. Umearen erantzuna izan zen jende askori gustatzen zitzaiola, eta hori nahi zuela baina oso txarra zela. Haluzinatuta, sekula halako jatetxe batean egon bako umeak zelan ezagut zezakeen. Gurasoei galdetu nien. Antza denez, aurreko baten telebistan iragarkia ikusi zuen, eta galdetu zer ote zen kaxa gorri hura. Hanburgerra erantzun zioten, eta berak nahi zuela bota zuen.
Aho bete hotz nengoen. Gaiaz jardun genuen, eta telebistako spot-a ikustea gomendatu zidaten. Etxerakoan hala egin nuen. Zein ona! Dena da jende zoriontsua, umeak, nagusiak, leku ederretan, kanpoan, iturriak ura bota eta bustitzen dutenak (oso garrantzitsua), txakurrak, xaboizko burbuilak, hondartza, eskuekin margotzen... ume txikiei gustatzen zaizkien gauza xumeak, denak irribarretsu, alai eta pozik. Musika ederra. Behin ere ez da agertzen jatekoa, kutxa gorria baino ez, hori da beti zentroa. Amaieran prezioa, oso merkea. Nagusiendako.
Nola izan liteke gure umeak desiratzea jakin barik zer zen benetan? Inoiz hanburgertegi baten egon gabe; hanburgerraren bat jan du, etxean edo taberna batean eginikoa, opari barik, besteok ogitartekoa jaten genuen bitartean. Ez daki ezer horietaz, baina dagoeneko lehenetsi ditu. Dena, telebistako iragarki on batengatik.
Spot-ean argi geratu zaigu umeendako dela kutxa gorriaren barrukoa. Martetar bat etorriko balitz, ez luke jakingo jatekoa, oparia ala zer den. Zoriontasuna dakarrela baino ez. Barruko jostailua ere ez du aipatzen. Arraroa egin zait. Gero, ohartu naiz euren betiko koloreak aldatu dituztela iragarkietan, denden kanpo aldean eta publizitatean. Berdea aukeratu dute, jakina, horrek ekologiko, garbi eta diskretuago egingo balitu legez. Aurpegi garbiketa.
Produktua ezkutatzeak badu esanahia, nire ustez. MacDonalds eta antzeko kateen azpian dagoena adierazten digu: ez dakigu zer gabiltzan jaten, baina berdin zaigu merkea delako eta gustuko dugulako. Umeak ere pozik dauzkagu. Zer gehiago eska liteke hain diru gutxiren truke?
Donostiako Bretxakoa zabaldu zutenean arrakastarik ez zutela izango uste nuen, zegoen tokian egonda. Oker nenbilen, bistan denez. Orain arte Bolivian baino ez du porrot egin. Gizakion uniformatzeko beharra ote da frankizia horien arrakasta? Ala saldu nahi diguten modernotasun zoriontsuaren ametsa? Ulertezina zait!