Han goitik ere itsasoa ikusten da
Goizetan esnatu bezain laster, irratia piztu eta oraindik ohean nagoela, berriak entzuten ditut eguraldi-iragarpenera arte, egun horretan zer jantzi jakiteko. Sarri, baina, ez dut asmatzen zein iragarpen dagokidan, kostaldean/barrualdean dikotomia egiten dutelako, eta ni bizi, hain zuzen, ez naiz itsasertzean bizi. Eibarkoak, Durangokoak izanda barrualdekoak ote gara? Kresala ez ote zaigu burmuinera iristen? Garoa ote da gurea?
Galdera zailak, gure imajinarioan kostaldea Deba delako, hondartza duen edozein herri. Plaentziar batek ere (Ai, soraluzetarrak, gatz eta piperdun euskaldunak!) Madrilen hango lagun batekin, antzeko zalantza izan zuen, lagunaren auzotik zentrora ordu erdi autoz zutela ikusita - jakin izan banu kostaldekoa naizela esango nizun!- Adierazi zion penatan.
Izan ere, entzunda daukat -agian, Jon Maiari?- euskaldunok itsasoari bizkarra emanda bizi garela, gure mitologia mendikoa dela eta itsasoa arrotza zaigula. Egia da, mendia eta baserria goresten ditugu, baina itsasoa oraindik ezezaguna zaigu, bertatik 300 km-ra biziko bagina bezala… Gurean itsasoak ez du esperantzarik, antza...
“Han goitik itsasoa ikusten da” esaten dugu harro eibartarrok Arratez berba egiten dugunean. Sinesgaitza iruditzen zaigu bizi garen zulotik, gure herriko lurretatik, itsasoa ikusi ahal izatea. Are sinesgaitzago jakitean urtero Arrateko elizako horma bat zuritzen zela marinelek erreferentzia puntu izan zezaten. Bitxia zaigu, era berean, jakitea, eliza hori marinelei esker eraiki zela. Sabaiak ere ontzi irauli forma du, eta gainera, bertatik itsasontzi bat zintzilik dauka. Handik ei gatoz eibartar guztiok, Arrateko elizan eskegita dagoen barkutik…
Zelan ez gara izango, bada, itsaso, handik ekarri bagintuzten? Errepublika aldarrikatzeko kemena Ondarroako arrain-saltzaile batek piztu bazuen? Lerro zuzenean Kantauritik hamabi kilometro eskasera egonda?
Kalamuara eta Oizera igo behar ote dugu itsasoa hor dugula jakiteko? Anbotora joan, sasoi baten Euskal Herria itsaso tropikala zela deskubritzeko? Itsasoa ezinbesteko zaigula bizitzeko? Harro dadin, gure betiko loa kanta dezan? Ala, agian itsasoko urak handiegiak dire murgildu nahi dutenentzat?...