Haidar eta Lujanbio
Aminetu Haidar eta Maialen Lujanbio. Emakume izen bi. Biak eredu, biak iazko pertsonaiak, nire ustez, euren artean antz handiegirik ez badute ere, euren bizipenak oso desberdinak diren arren. Biek dute burua estalita. Bata, Haidar, bere heriaren janzkerarekin, melfarekin. Bestea ere, bere herriko gizonen kapeluarekin, txapelarekin, Bertsorali txapeldunaren txapelarekin, hain zuzen ere.
Aminetu Haidar indar eta duintasunaren irudia da. Borroka egiteko bere era leun baina tinkoa. Egoerarik txarrenean ere, irribarrea ahoan. Herri oso baten isla.
Maialen Lujanbio, ostera, Euskal Herriaren irudi berria. Txapelaz gain, beste titulu bat irabazi du, apal eta harro, lehenengo emakume bertsolari txapelduna izatea. Hori asko da, gero! Mundu maskulinoan gaztetxotik hasita, beste emakume batzuek irekitako bidea zabaltzen, nasaitzen. Historia egiten. Hainbat eta hainbat emozionatzen. Baita Taliban Jatorra ere!
Emakume izen bi: Aminetu eta Maialen, urteko pertsonaia absolutoak. Ganorazko gauzengatik, balore positiboengatik. Bestela, andrazkoak noiz agertzen dira, bada, komunikabideetan? Biktima izanez gero, eta txotxolakeriengatik, kitto!
Andrazko eredugarriak, emozionatu egiten gaituztenak, herri txiki biren ispilu. Umil eta tente, denondako modelo.