HABEk 25 urte
Badira egun batzuk HABEk (Helduen Alfabetatze Berreuskalduntze Erakundea) bere urteurrena iragartzen dabilela. Irratian, ikasbilen, komunikabideetan....
Urtarrilean 19 urte beteko ditut euskaltegietan beharrean. Ia bizitza erdi, eta ia beti (ikastaro labur batean izan ezik) udal euskaltegietan. Ia jende gehienak Habe euskaltegiak deitutako horietan. Hainbeste urte, eta oraindik azaldu behar ez naizela Habeko langilea, eta sekula ez naizela izan. Durangoko lagun bati fitxatzeko txartela erakutsi behar izan nion sinis ziezadan, bere udaleko behargina nintzela, berak eta bere herrikideek ordaintzen zidatela, eta ez eusko jaurlaritzak {dena minuskulan, letra xehez, nahiz eta eurek larriz idatzi}. Txartelak baino ez zuen konbentzitu.
Toki guztietan nabil entzuten Habek euskaldundu duela jendea, berari esker daukagula ikasteko sistema hau diruz lagundua. Hori entzundakoan begiak handi-handi geratzen zaizkit, euskaldundu euskaltegietakook euskalduntzen dugulako, ez Habek. Berak dirua banatu eta baldintzak jarri baino ez ditu egiten. Baldintza zorrotzak, Batzuetan, drakonianoak ere esango nuke. Ratioak, baremoak, ordu kopuruak, talde zurrunak,......inposatzen digu, gurekin kontsultatu barik. Berandu baino lehen desagertuko ginelakoan hasi zen. Baina gure lanak etorkizun luzea dauka, zoritxarrez.
"Ekin, ukan, ekin", "Pixka bat es mucho" eta horrelako kanpainak egiten ditu Habek. Dirua xahutzeaz gain, zertarako balio dute? Nik ezetz esango nuke. Horrela, biribil. Hori bai, zein garrantzitsua den diaspora euskalduntzeaz jardungo dute etengabe. Argentinan euskara ikastea doan da. Hemen ez, ostera
Bai, baina diru laguntzak daude.....Bai, aprobatuz gero. Eta azterketarik egin nahi ez bada, zer? Askotan ikasleei azterketak egitea debekatuko nieke. Horrek sortzen duen estresak eta urduritasunak higuindu egiten nau. Karrera amaiezina bihurtzen du euskalduntzea. Loterian bezala ahalik eta gehien jokatuz gero, tokatuko zaielakoan; azterketarik azterketa, kalejira mugagabean murgiltzen zaizkigu ikasleok, titulu edo diru-laguntzen bila. Horrela denok kokoteraino eta aspertuta amaitzea besterik ez da lortzen!
Zorionez, egunotako argazkietan Aek zein euskaltegi homologatuetakoak agertzen ari zaizkigu. Badirudi lehengo auziak alde batera lagata daudela, eta elkarlana hasita. Bazen garaia. Hala ere, pastelaren zati askoz-askoz handiagoa merezi dutela uste dut, egin duten lanarengatik, eta egiten duten ahaleginarengatik. Gogora dezagun gure erkidegoko hiruburuetan ez dagoela zentru publikorik (publikotasuna ere hertsian ulertzen badugu). Donostia, Bilbon eta Gasteizen funtzionatzen duten euskaltegiak diru laguntzak jasotzen dituzte, baina ez dira ez udalarenak, ez diputazioarenak, ez jaurlaritzarenak, ez ministerioarenak. Ulertuko genuke hiru hiriotan eskola publikorik ez egotea, eta denak kontzertatuak izatea? Ez, ezta? Bada, hori.
Bada ordua gure lanaren garrantziaz ohartzeko, serio hartzeko, ez garela gauera arte beharrean gabiltzan zoro batzuk, aspertuta daudenak. Euskalduntzea gauza sakona da, eta ezin dugu inor bazterrean utzi. LAgundu egin behar da, gauzak erraztu, inoi Euskal Herria euskalduna izango bada.
Eta gaiztakeria batekin amaitu nahi dut. Urteurrenaren ekitaldia gaur iluntzean da. Gaizto jarriko naiz. 25 urte edo gehiago klasea ematen daramatenak gonbidatuta daude Kursaalera. Ederto. Baina gaur klase eguna da, eta nork emango ditu euren klaseak? Eta ematen ez badira ordu horiek nola zuritu? Ahaztu egiten zaie gutako askok 7etan klasean gaudela, lanean. Ez diete inoiz gure beharrizanei erreparatzen. Lastima!
Hobeto egongo gara eskola ematen.