Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera / Grebaz

Grebaz

Leire Narbaiza 2012/09/26 15:26
Irailaren 26a

i26 greba orokorra

Greban nago, ez naiz lanera joan. Erabakia inoiz baino errazago hartu dut, gainera! Aurreko greba batzuetan neure buruarekin hausnarketa eginda erabaki dut. Oraingoan horrelakorik ez.

Aurrekoetako hausnarketak motiboez ez ezik, grebaren zentzuz ere baziren; izan ere, huelga egiteari berari ez diot zentzu handirik ikusten, agian euskaltegiko irakaslea naizelako eta ikasleek gure grebak pozik hartzen dituztelako, jai eguna da eurendako. Gure lan-uzteak ez dio inori eragiten, gure poltsikoari ez bada behintzat!

Askotan pentsatu dut bai grebek, bai manifestazioek ez dutela ezertarako balio. Hala ere, segitu dut greba egiten eta manifestatzen. Ez naiz oso koherentea, ezta? Zer dela-eta jarraitzen dut gauza bera egiten? Hain tentela naiz?

Beharbada bai, tentela eta sinplea. Iraultzaileena eta borrokalariena ez banaiz ere, zentzuz jokatzen ahalegintzen naiz. Eta kokoteraino nago! Aspertuta kaka burutik behera egiten digutelako.

Hain nazkatu eta higuinduta egonda, zer egin? Ez dakidanez, formula zaharrekin segitzen dut, manifestazio eta grebekin, alegia. Beste modu bat topatuko banu, egingo nuke! Baina nire xalotasunean ez dut beste ezer aurkitu.

Horregatik egiten dut greba, ez dakidalako zelan erantzun miseriara garamatzan egoera honi! Pobrezia orokortua datorkigulako, eta gure umeak Norvegiarrek babestu beharko dituztelako. Pobrezia ekonomikoa eta miseria morala. Esklabotza itzuliko zaigulako horrela jarraituz gero. Gure aurrekoek lortutako eskubide guztiak urratu eta lehengora itzuli.

Hau guztiau balitz munduko herritar guztiak maila berean egoteko; hau da, pobreenak gure mailara pasatzeko, onartuko nuke. Baina ez da horrela! Pobreenak pobreago, eta aberatsenak askoz ere aberatsago. Lehen gutxi balute bezala!

Beraz, motiborik falta ez zaigulako, greba hau hausnartu barik egin dut, hausnarketa aspaldi eginda dagoelako!

Kaletrosa
Kaletrosa dio:
2012/09/26 16:57
Nik ere gaur greba egin dut batere hausnartu gabe, inguguruan betiko leloak entzun arren: "greba eginda ez dugu ezer lortzen", "greba egin ezkero nagusiari dirua aurrezten diogu", "sindikatuek beste mobilizazio modu batzuk proposatu beharko lituzkete", "ez dut oso argi ikusten zein den grebaren helburua",...

Kaka burutik behera egiten digutela ikusi eta guk ipurdia garbitzen diegu... KOKOTERAINO NAGO!!!
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua