Gorputz ez-onartuak
Euskaldun askok Goya sarien gala adi-adi ikusi genuen Handia filmagatik. Gala hartan emakumeen eskubideen aldarria egingo zela iragarri ziguten, andreon ikusgarritasuna errebindikatu, feminismoa ahotan hartu.
Baina itxurakeria baino ez zen egon; izan ere, hainbat emakumeren gorputzak izan ziren ekitaldi guztian zehar mintzagai. Andra batzuen loditasuna, hain zuzen ere. Andrazko batek aitatu zuen filma errodatutakoan baino argalago zegoela. Beste batek hirugarren bati esan zion dietista bera, eta ez oso abila, kontratatu zutela. Zuzendari sarituak beste zuzendari gizon bati erantzun bere ama harena baino argalagoa zela… Horrela, jo-puntuan beti gizenak, andrazko potoloak. Eta tristeena, sarri emakumeen ahoetatik entzun beharra.
Gorputz ez-normatiboak. 90-60-90 neurriak ez dituztenak, kanon estetiko zurrunetan sartzen ez direnak. Txistea egiteko, barre egiteko. Latza da, gero, beti izatea gorputz femeninoa borroka zelaia. Gizon gizenak egon arren, inork ez zituen-eta ahotan hartu.
Eskerrak Eneko Sagardoyk saria jasotzean lezioa eman ziguna, identitate ez-onartuei, eta gorputz arraroei eskaini zielako. Biba gorputz guztiak, gizen zein argal. Izan gaitezen handiak.