Gezurra egia bihurtzen dutenean
“Los rojos separatistas incendiaron Guernica” (Gorri separatistek erre zuten Gernika) esan zioten gure amari eskolan, “formación del espíritu nacinal” zeritzon ikasgaian, frankismo betean. Amak, oraindik gazteegi kontzientzia politikoa izateko, gezurra zela erantzun zion irakasleari; ondo baitzekien zer gertatu zen, bonbardaketatik bizirik irten zen baten alaba zelako, lekuko zuelako ama, zeinak etengabe kontatzen zuen apirileko egun horretan bizi izandako beldurra eta estutasuna. Gure amak lehengoz egin zion horrela aurre sistemari, jarki zitzaion gezurrari; eta, ohikoa zen moduan, zigortu egin zuten, ebidentziak errepresioarekin estali nahian.
Kontatutako hau adibide txikia baina adierazgarria da. Halako hamaikatxo kontu izango dira familia guztietan: bizi izandakoa ukarazi, gezurra egia bihurtzeko asmotan. Gezur bat mila aldiz errepikatuta, egia bilakatzen delakoan. Tanta txinatarraren metodoa da hau: txirin-txirin buruan sartzen zaigun baieztapena, zirimiri etengabeak lurra blaitzen duen moduan.
Barneratu ez ezik, normalizatu eta ahotsa eman ere egin izan zaio ukapenari. Esaterako, Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrenean, etb2n saio berezi bat egin zuten, erreportaje bat Iñaki Lopezek aurkeztuta. Bertan, Cesar Vidali eman zioten hitza, bonbardaketaren negazionista ezagunari, ekidistantzia eta ahots aniztasunaren izenean. Asko zeharo minduta sentitu ginen, biktima baten iloba izanda besterik ezin. Are minduago denon diruarekin ordaindutako telebistak espazioa eman ziolako gezur hedatzaile interesatu horri.
Gezur-jario hau azken bolada honetan piztu eta hauspotu dela esango nuke. Frankismo sasoian hori zen eginbeharra, Errepublikako onurak desitxuratu, eta gerrako ankerkerien gaineko errelato berri makillatu eta eraldatua eraiki. Diktadura baten modus operandi-a.
Frankismo-osteko 40 urte luzeetan ez zen hainbeste haizatu aurreko sasoiko errealitatearen eraldaketa. Hala eta guztiz ere, txitean-pitean zabaltzen ziren buru-jan interesatuak. Baina isiltasun ozen bat sumatzen zen estamentu askotan, baita herritarren xumeen artean ere.
Azken bolada labur honetan, ostera, lotsagabe aditzen da gero eta altuago, diktaduraren egia faltsu horiek. Normalizatzen hasiak direla esango nuke. Adibidez, irakurri dugu euskara inork ez zuela debekatu. Edota euskara batua asmakeria dela, hizkuntza berria, alegia; zer eta batzuek lana izateko!
Zenbat horrelako: frankismoak agian askatasunik ez, baina pobreziarik ere zela izan. Diktadoreari esker paga bi ditugula, eta gizarte segurantza… Jamaika entzuteko jaioak gara!
Eusko legebiltzarreraino iritsi da birusa, eta eskatu dutenean diktadurapean balio barik uzteko orduko “justiziak” jarritako penak, ezezkoa irten da, orduko borrero eta biktimak bat eginda. Interesak memoriaren gainetik, sasoi honetako patu krudela.
Garaiotan, gainera, oso modan dago berba berriak asmatzea errealitate zaharrendako, hauek birbataiatuta aldatuko balira bezala, edo horrela engainatuko ez bagintuzte legez. Neo-hizkuntza horrek “egia-ostea” deitu dio fenomenoari. Hau da, gezurretan ibiltzeari zien itxurosoagoa jarri diote, errazago sinistuko dugulakoan. Egia-ostearen sasoian omen gaude, gezurtien erresuman, eta lotsagorritu barik botatzen dizkigute gezurrok. Manipulazioa, beti ere botereari eustearren! Sasoi krudel kamuflatua, lagunok!