Gaztelu bat euskaldunondako
Nork ez du inoiz amets egin Egiptoko piramideak ikustearekin? Edo Jordaniako Petra hiria? Edo Peruko Machu Picchurekin? Bidaian gabiltzanean, gogoko dugu antzinako monumentu eta eraikinak ikustea. Gertu zein urrun. Bordelen zein Salamancan. Dorreak, zubiak, palazioak, gazteluak,... hainbeste dago ikusteko! Baina Euskal Herrian izaten dudan inpresioa da antzinako artea ikusteko aukera eraikin erlijiosoetan baino ez dagoela. Komentu, eliza eta ermita. Kito! agian udaletxeren bateko fatxada.
Beti iritzi diot tristea honi. Gure arte zibila urria izan da, elizetan inbertitu zuten gure aurrekoek euren dohain eta dohaintzak. Beharbada, armarri dotoreren batean, odol-garbitasunaren erakusgarri.
Beste batzuetan, gerrek, lur espekulazioak, plan urbanistikoen faltak, ignorantziak eta sentsibilitate artistiko ezak gure herri asko laga ditu bertako jauregi edo etxe eder barik. Eibar, esate baterako, honen guztionen konbinazio perfektua izan zen: gerran sustraietaraino deseginda, espazio faltan edonola eraikia beti espekulatzaileen esku, eta agintariak ondarearekiko inongo errespetu barik. Ekaitz perfektua geneukan gutxia desagertzeko.
Zorionez, iaz ateratako “Etxea” liburuan Xamarrek erakutsi digu gure etxe tradizionalak direla gure benetako patrimonio arkitektonikoa. Seguruenera, ez beste herrialde batzuetan bezain ikusgarriak. Xumeagoak, ziur, edo hobeto esanda, ez hain nabarmenak. Sarriegitan, guk geuk kontuan ere ez hartuak, beharbada gutxiagotasun konplexua jota.
Baina crowdfunding bidez hau konpontzeko aukera eman digute. Bai, diru-bilketa bat (oraindik ere ez dakit nolatan ez dugun berba ingeles horrendako gure baliokide bat eman, euskaldunok hainbeste erabiltzen dugun finantzatzeko modua izanda). Hemen dugu bat gehiago, baina berezia baxenafarrek proposatu digutena.
Iparraldean une honetan hainbat funts-biltze daude martxan: Etxepare lizeoaren “Hazten gaitu, hazten dugu” sagarrondoak erosita egiten dena. Euskokarta, euskoaren karta elektronikoa lortzeko helburua duena (egunotan jarritako helburua lortu dute, gainera). Eta artikulu honi dagokiona, Etxauzia erostearena.
Etxauzia da Erdi Arotik Baigorrin dagoen gaztelua, oraintxe salgai dagoena. Martxan jarri zuten kanpainaren leloa “euskaldun bat, euro bat” da. Izan ere, bi milioi euro behar dituzte erosteko, eta euren asmoa handia izanik ere, polito dabil. Asmoa erosi eta herriari itzultzea da, bertako ekonomia eta kultura sustatzeko, ondarea babesteko eta diasporaren etxea ere izateko.
Herriari itzultzea, herri ondare izan beharko litzatekeelako, eta beste gertuko herri batzuetan gertatu dena ez gertatzeko. Esate baterako, Zuberoako Etxarrin, non Pio X ordenako apaiz integristei saldu baitzieten bertako jauregi historikoa, AFRM nekazaritza eskola izandakoa. Edo Lakarrako Harispe jauregia, bikote espainiar bati saldu zitzaiona. Esku pribatuetara pasatuta, ez herriarenak.
Ezagutu nuenean ideia ederra eta bikaina begitandu zitzaidan: inoiz herriarena izan bako palazioa, euskaldun guztion emari txikiari esker erostea, denon artean! Euskadunondako gaztelu bat!
Badakigu jauregi barik iraun dugula luzaroan euskaldunok, baina zergatik ez diogu geure buruari jauretxe bat oparituko? Ez dizue ilusiorik egiten? Niri, itzela! Gainera proiektu sendo bat atzean duela! Horregatik egin dut bat proiektu eta diru-bilketarekin. Zu zeren zain zaude?