Ez hamaika, ez behin: ONCE
Ohetik jaiki aurretik irratia isiotzeko ohitura daukat. Esnatu bitartean titularrak, trafikoa eta eguraldi aurreikuspena entzunda hasten dut eguna. Euskaraz gustatzen zait hori egitea, eta ohe ondoko gailuan Euskadi Irratia baino ezin dut entzun. Albisteak eta informazioa ez ezik, iragarkiak ere belarriratzen dizkigu kate horrek. Eta igortzen duen ia publizitate guztia euskaraz izaten da. ONCErenak izan ezik. Beste anuntzio batzuek jingle-a (iragarkiko kantua) gaztelaniaz izaten dute, markak edo produktuak estatu espainiarrean saldu nahi badira, behintzat. Baina ONCEkoek, jingle-ak ez ezik, iragarkiaren mamia ere —elkarrizketa bat, beharbada— gaztelaniaz izaten dute.
Euskadi Irratian anuntzioak erdaraz emateak ikaragarri kezkatzen nau. Nire iritziz, irrati publikoak ez luke halakorik onartu behar; publizitate kontuak euskaraz izatea bermatu beharko luke. Esan beharra dago elkarrizketa edo testu zati horiek hitz jokorik ez dutela izaten, baina kanpainaren leloa euskaratuta egoten dela (oraingoa ONCE, hamaikaren hamaika da, euskaraz zentzu handirik ez duena). Beraz, uste dut erdarazko pasarte horiek berdin-berdin funtzionatuko luketela euskaraz emanda, eslogan euskaratuek bezainbeste. Beste iragarki batzuetan, ostera, elkarrizketako ahotsak famatuenak izaten dira, Espainiako pertsonaia famatuenak, jakina. Ezagunak egingo zaizkigu ala ez, baina horrek ez du funtzionatzen irratian, euren ahotsa aurpegi barik ezagutzea zailagoa delako. Horrelakoak oso-osorik gaztelaniaz ematen dituzte. Horregatik da larria euskara hutsezko ia irrati bakarrak erdarazko iragarkiak jartzea. Euskarari dagokionez, ONCEk ere izan behar luke gure hizkuntzarekiko begirune txiki bat, ezgaitasunarekin lan egiten duen talde bat den aldetik. Sentsibilitatea izan beharko lukete, baina ez da hala, zoritxarrez.
Era berean, ONCEk berak eragiten dizkit beste errezelo batzuk. Spot batzuetan eurei esker zenbat umek eta nagusik ikasi duen braillen idazten, edo zenbat pertsonari lagundu dieten lan munduan sartzen, egindako guztia nabarmentzen dute. Ez dut nik halakorik ukatuko. Baina neure buruari galdetzen diot, halakoak entzuten ditudanean, ez ote dagoen administrazio publikoren bat horren ardura duenik. Elkarte bat ote da ardura handi hori bere bizkar gainean daraman bakarra? Beraz, jokatzen ez badut, lagako ditut behar gorria duten pertsonak laguntza barik? Ez, ez litzateke hala izan behar. Zergak ordaintzen ditugu, hain zuzen ere, halako pertsonek laguntza izan dezaten, edo behintzat horrela izan beharko luke. Errukia eragin, karitatea lortzeko. Baina karitatea ez da justizia.
Begitantzen zait ezin direla beharrizan hauek limosnaren eskuetan laga, jendearen apeten esku. Are gutxiago jokoa dutenean oinarri, diru iturri nagusia loteria denean, eta horrelako lelo edo esloganak erabiltzen dituztenean: No importa porqué juegas, lo importante es que no dejes de hacerlo (Ez du inporta zergatik jokatzen duzun, garrantzitsuena da jokatzeari ez lagatzea). Azken boladan denon ahotan dago joko, kezka handia eragiten du, eta modu horretan bultzatzea ez dela egokiena pentsatzen dut.
ONCE ingelesez irakurtzen badugu, guanz, “behin” esan nahi du, eta horregatik hau guztiau ez dut behin bakarrik esango, askotan, hamaika bider baizik.