Euskararen eguna
Urteko egun guztiek bere nazioarteko eguna dute. Ez omen dago egunik aldarrikapen bat, gutxienez, ez duenik. Batzuetan bi edo hiru ere elkartzen dira. Hori gertatzen da abenduaren hiruan, non nazioarteko egun bik bat egiten duten: desgaitasuna duen pertsonenak eta euskararenak. Euskara bera ere desgaitua delako izango da kointzidentzia hau? Baliteke.
Abenduaren 3an ospatzen dugu gure hizkuntzaren jaia, San Frantzisko Xabierko egunean, hain zuen ere. 1949an Eusko Ikaskuntzak ezarri zuen datak hau euskararen nazioarteko egun gisara. 1995ean Eusko Jaurlaritzak eta Euskaltzaindiak bat eginik, instituzionalizatu egin zuten. Xabierreko Frantziskoren eguna aukeratu zuten legendak dioelako Frantziskok, hil-hurren zegoela, esandako berbak inguruko inork ez zituela ulertu. Inguruko horiek hainbat hizkuntza zekizkiten, baina ez euskara. Beraz, suposatu zuten nafarrak bere ama hizkuntzan botako zituela azken erregu eta errezoak.
Hori da Xabierreko santuak euskaren alde egin zuen lana. Ziur ere ez gaude zer esan zuen, agian hilzorian dagoen baten eldarnioak baino ez ziren, lardaskatu zituen soinuak, besterik ez. Ezin jakin. Hala ere, Frantziskoren omenez finkatu zen eguna. Orain ulertzen ditut euskararen aldeko zenbat asmoren porrotak: Xabierkoaren lardaskaren kopiak dira.
Lardaskan ala ez, instituzio guztiek ere ospatu eta programatzen dute zerbait egun honen bueltan. Hizkuntza gutxituaren aldarrikapenerako unea izanda, inork ezin dio uko egin euskararen aldeko egunari, politikoki zuzena horixe delako: euskaren alde gaudela esatea.
Sarriegitan, ospakizun horietan egiten dena gauza puntual bat izaten da, segidarik ez duena hurrengo batean. Jendeari erakusteko-edo, badakigula hori euskaraz egiten, badagoela hori euskaraz egiterik; esate baterako, rap-a. Beste batzuetan, ostera, ekimen horiek zer ikusi gutxi dute euskararekin, adibidez, globoak askatzea, edo umeei aurpegia margotzea, horiek alferreko ekimentzat dauzkat nik. Zerbait egin, zerbait egin behar delako, eguna seinalatua zelan edo hala betetzea zentzugabea bada ere programatutakoa, betelana berba baten.
Horregatik, uste dut, efemeride hau, askotan, itxurakeria hutsa bihurtu dela, festa azalutsa. Berba politak, maitasunez beteak, baina egun bakarrean, argazkian ateratzeko besterik ez direnak. Asmo deklarazio multzo bat, gerora asmoan baino ez dena geratuko, harriak berak bakarrik ez baitu hormarik egiten.
Horrekin guztiarekin, ez dut esan nahi euskararen eguna beharrezkoa ez denik, edota aldarrikatu eta ospatu behar ez dugunik. Egon liteke jendea horrelako ospakizun baten euskarara hurbiltzeko urratsa emango duena; edo agian, ospakizuneko zerbaitek barruan aldeko sentimendua eragingo diona, seguru. Bakar bat hurreratuta ere, horregatik soilik, positiboa dela esango nuke.
Era berean, uste dut euskararen eguna denak izan behar direla, urteko egun guztiak, borroka, lan, aldarrikapen eta ospakizunerako.
Horregatik askoz gehiago gustatzen zait azken urtekotako esloganak dioena: euskarak 365 egun. Gaur ere euskararen eguna delako. Atzo eta bihar bezainbeste.