Euskararen eguna?
Ikasleei beti esaten diet idazlanak tripekin ez idazteko. Nik, baina, aholku honi gaurkoan ez diot jaramonik egingo, ezin baitut. Barruak erretzen nau, egoneza daukat, eta bota behar dut!! Euskararen eguna omen da, erdaldunek uzten diguten espazio txiki hori euskaldunok geure gauzatxoak egiteko, zein toleranteak diren agertzeko.
Gaur goizean irratian entzun ditudanak sutu naute. Lehengoz ospatu da euskararen eguna instituzio guztiak elkarrekin, denok elkar hartuta, aho batez, ados. Hizkuntza politika berria kontsentsutik baitator! Jakina, hizkuntza politika hori loreontzi eta pose hutsa denean. Everybody elkarrekin, zein polita, zein zuria, zein faltsua.
Guk, baina, pobre mentalitatea daukagu eta, euren mahietako apurrak eta soberakinak eskatzen ditugu, dirua gurea ere ez balitz bezala. Beti eskean, beti txiro konplexuarekin, molestatzen dugulakoan. Tolerantzia darabilte ahoan, eta hori, dakigunez, boteredunen luxua: toleratzen zaitut, hogeita hamaika dauzkadalako eskutik, eta nahi dudalako, ni bainaiz hemen nagusi.
Pinpilinpauxa aldarrikatzeko behar dugu eguna, antza denez. Hori bai, beti eskaparatismoa egiten dutenen ondoan, irribarrez argazkian agertu, jatorrarena egin eta euskara mesprezatzen segitzeko gaurtik aurrera, atzo bezala. Eta guk sinistu, zirrikitu bat zabaldu digutelakoan!
Gainera erru sentimendua, gurea omen delako kulpa osoa, ez dugulako nahikoa egiten gure hizkuntzaren alde! Bai, zera! Zer gehiago egin nezake, bada! Medikuarenera joan erdaraz, funtzionarioak erdaraz, politikoak erdaraz, lehendakaria erdaraz, denda handietan erdaraz, postontzietako publizitatea erdaraz. Hizkuntza KOOFIZIALA da euskara, demontre, orain 30 urte!! Ez zarete enteratu, eta horrela jarraitu gura duzue. Zuen legeak ere ez dituzue betetzen, miserableok!
Ez da inposatu behar, baina, euskara. Konstituzio espainiarrak, halere, euskaradunoi erdara inposatzen digu, bada! Hori bai, gure onerako. Hizkuntza basati eta traketsa dugunez, (eta edukazio bakoak) salbatu behar gaituzte geure burutik, kulturizatu eta salbai izatetik, moderno, kosmopolita eta normal bihurtu arte!
Eta guk irentsi eta sinetsi! Nahikoa da, matxina gaitezen! Bada ordua gure bidea egiteko, eta higuingarrikeria hauek guztiak bazterrean lagatzeko, eta euskara kobazulotik harro ateratzeko!!