Euskara Lapurdin, bisitari baten begietatik
Aste Santuko egun batzuk Lapurdin eman ditugu, bertako edertasunaz gozatzen. Paraje zoragarriak, herri ederrak eta etxe politak ikusi ditugu. Ezagutzen genituen lekuak berriro bisitatzen, eta toki ezezagunak deskubritzen. Gozatu hutsa!
Hizkuntzari ere erreparatu diogu, nola ez! Ibili garen lekuetan, behintzat, ia seinale guztiak elebidun zeuden. Bistatzeko leku askotan ere emandako paperak eta panelak euskaraz zeuden, eta euskara onean, gainera. Horrekin ere konturatu ginen. EAEn, esaterako akatsak eta hanka sartzeak oso arruntak izaten dira, eta itzulpenak traketsak. Guk aurkitutakoak, ordea, ederki zeuden.
Onerako harritu gaitu horrek; izan ere, aldaketa sumatu dugu, onerako hori ere. aspaldian euskara ikusi ere ez zen egiten-eta.
Ahozkoan, oztopo gehiago izan ditugu. Ahalegindu izan gara euskaraz eskatzen, baina ez da posible izan kasu guztietan. Batzuetan ulertzeko gai baziren, baina berba egiteko ez. Dena den, jarrera oso positiboa aurkitu dugu, EAEn sarriegi gertatzen ez dena: no te entiendo modu txarrean erantzun izan digute herri nahiko euskaldunetan. Egun hauetan, aldiz, beti adeitsu. Edukazio kontu bat ere ba ote da?
Baina gutxien gustatu zaiguna izan da euskara=espainiarra identifikazioa. Askotan gertatu zaigu euskaraz eskatu eta zuzenean español esatea eta gaztelaniaz segitzea. Amorrua! Euskara izango ez balitz bezala Lapurdiko hizkuntza propioa! Badakit askok kortesiaz egiten dutela, gaztelaniaz ere badakitelako gutxienez zertxobait, baina askotan ez da gure frantsesa baino hobea izaten, gu frantsesez ere moldatzen baikara.
Nire arrangura, ostera, ez da frantsesa ezin izan dudalako praktikatu. Haserrea eragiten dit oso kezkagarria deritzodalako kontu honi. Azpian gauza asko dauzka. Batetik, badirudi euskara gureganatu dugula Hegoaldekook, guretu egin dugula, eta Ipar Euskal Herrikoak desjabetu egin ditugula, titularitatetik kendu. Hegoaldekoona dela, batez ere gipuzkoar eta bizkaitarrena.
Bestetik, esan gura du bertako ia inork ez duela erabiltzen halako inguruetan. Ez eskatu, ez galdetu. Tristea benetan. Baina jasandakoa jasan eta gero normala ere bada. Egoera tamalgarria, benetan.
Errua ez da inorena eta denona da. Baina oraindik buelta emateko modua dagoela iruditzen zait. Nola? Gaitza, baina lehenengo pausua elkar bisitatzea da, elkar ezagutzea. Eta, jakina, beti euskaraz.
Gal diezaiogun mugari beldurra eta Espainiarantz gutxiago joan eta gehiago Euskal Herri kontinentalera, horrela ere herria egiten baitugu.