Euskara, hizkuntza arriskutsu hori
Frantsesari ikaragarrizko kaltea egiten diogu, guregatik desagertu egingo da! Hala dio Frantziako akademiak parlamentuak Frantziako konstituzioan agertu behar zirela iragarri zuenean. Aipatze hutsak tsunamia eragingo omen du! Frantsesa deuseztu egingo da!
Espainiako intelektualak gaztelaniaren defentsan azaldu dira, euskarak -kastuoa, asturiera eta aragoierarekin batera- gaztelania baztertzen duelako. Gizajoak, koitaduak, euren hizkuntza ttikia koloso periferikoen artean janda! Ez dago eskubiderik, gero!
Hirurehun milioi hiztunekin, normala eraso izan dietela sentitzea. Gutxi izateak eta botere bakoak hori dauka, leku guztietan diskriminatzen dituzte, beti daude ahaztuta, errukigarriak! Itzelezko pena ematen didate, baztertuta, zokoratuta, euren hizkuntza debekatuta, ezin erabilita!
Gainera Euskal Herria kontzeptua ere ez dute konprenitzen, nahasgarria dela oso. Ulertzekoa da, burmuin maskaletan hain ideia elaboratu eta okerra ezin sartzea! hori da euren hizkuntza pobre horrek ezin dituelako goi mailako pentsamendu eta hausnarketa egin!
Inork ez dauka errurik, kulturarik eta pentsamendu garaturik ez badaukate. Hain dira primitiboak! Gainera, euskara bezalako hizkuntza handiaren eta nagusiaren aurrean normala kikilduta sentitzea, arriskuan sentitzea. Horregatik dihardugu gure hizkuntza txit printzipala beraiei irakasten, probetxuzko pertsonak izan daitezen!