Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera / Euskara askatasunean!

Euskara askatasunean!

Leire Narbaiza 2015/04/17 11:06
2015eko apirilaren 17an Gipuzkoako hitza-n argitaratua

Txikia nintzenean pentsatzen nuen munduko pertsona guztiek gaztelaniaz zekitela. Badakizue, umetan denok ditugu konbikzio bitxiak nondik sortu diren ez dakigunak. Gure buru fantasiatsuek bizi dugunari azalpena eman nahian hainbat kontu sinesten ditugu. Bai, nik hori uste nuen, planetako biztanle guzti-guztiek zekitela gaztelaniaz: filmetako pertsonaiek, albistegietako NBEko ordezkariek, marrazki bizidun japoniarrek… Era berean, batzuek beste hizkuntza bat ere bagenekien. Adibidez, gure familiak, inguruko askok, Ingalaterrako jendeak, Kun-fun agertzen ziren monjeek, Tarzanen pelikuletako beltzek… Hala zen, telebista bakar hartan (UHF ez zen toki guztietan ikusten) denek egiten zuten espainolez, nahiz eta bere hizkuntzan berba batzuk ere bota. Eta kalean eta eskolan ere denek zekiten gaztelera, baina guztiek ez zekiten euskara. Urte gutxi izango nituen hausnarketa hau egin nuenean, zeharo aldrebesa, baina haur baten pertzepzioak gauza asko adieraz litzakeelakoan nago.

Hala ikasi nuen gure munduan gaztelaniarekin edonora joan nintekeela, euskarekin ez, ordea. Gure belaunaldiko askok bezala, galtzeko zorian edo euskara errakitiko, pobre eta fosilizatua edukitzeko puntuan izan nintzen. Bai, esandakoa ulertu eta txakurrekin eta ume txikiekin berba egiteko moduan. Hortxe-hortxe egon nintzen. Baina kontzientzia haginka nuenez, euskaltegira joan nintzen alfabetatzera (alfabetatu baino gehiago, ikastera). Helburu garbia nuen buruan: poesia irakurtzea euskaraz. Lortu nuen.

Barka egidazue nire amamakipuleta atso-ipuin hau. Badakit niri gertatutakoa askori pasatu zaiola Euskal Herrian, ez naizela kasu isolatua, zorionez. Baina ilustratzeko balio duela begitantzen zait, gure egoerari testuingurua jartzeko, alegia. Munduaren ikuskerak zein eragin izan lezakeen guregan txikitan. Eta bizi dugun egoera bihurri, anormal, diglosiko, azpiratu (jarri nahi duzuen kalifikatzailea) honetan, izateko gogoak duen garrantzia. Hau da, euskararena badela borondate eta kontzientzia kontua, oraindik ere.

Egoera honek guztionek gutxiagotasun sentimendua sortzen du, horregatik da hain garrantzitsua ahalduntze, euskahalduntzea, "Euskalduna naiz, eta harro nago!" oihukatzea, "Habláme bien" eta "no te entiendo" mespretxuzko guztien aurrean. Gaitza baita beti euskaldun bandera eramatea noranahi, harrotasun eta ahalduntzea baita muzin aurpegi horien aurrean gure armadura, jantzita eroan behar duguna mindu ez gaitzaten, adorea zaputz ez dakigun, aurrera ganoraz egin dezagun.

Oraingoan ere badatorkigu beste enbata bat, eta armadura ez ezik pazientzia eta umore ona beharko ditugu jaurtitzen dizkigutenak jasan eta erantzuteko. Neoprenoa eta eskafandra jantzita egin beharko diegu aurre halakoei: erdaldun elebakarrak oso eskuzabalak izan direla euskaldun elebidunokin; asko eskertu behar diegula; guk, elebidunok, elebakartasuna inposatzen dugula; lan aukera gehiago ditugula; hizkuntzarena kontu intimoa dela… Ufa! Pazientzia! Odol txarrik egin ez dakigun!

Eta dena boto truke, batzuek euskara bahitua dugulakoan gure mesedetan, politikoki erabiltzen den aitzakian. Itxura baten, hauek ez dute ezer ikasi feminismotik: pribatua politikoa da! Hala nahi gaituzte, molestatu barik etxean, baxu hitz egiten, umil eta morroi. Hori da, antza, euskara askatasunean!

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua