Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera / Etxeak, baserriak eta desjabetzeak

Etxeak, baserriak eta desjabetzeak

Leire Narbaiza 2017/01/14 00:00
Gipuzkoako Hitzan argitaratua 2017ko urtarrilaren 13an

Nire ametsetako etxea. Espainiako TDTan ematen duten saio iparramerikar baten izena da. Antzeko asko ere ematen dituzte. Neguko arratsalde hotzetan, sofan jarrita mantapean, gustura ikusten ditut. 200 metro karratuko etxea txikiegi geratu zaielako bigarren umea jaiotzean etxe handiagoa behar dute, esaterako. Guk barrezka gaude geure pisu txikietan. Open concept eskatzen dute guztiek, eta lagun batek dioen bezala, sardina asko erretzen ez duten seinale. Nahiko klonikoak izaten dira saio guztiak, lagun eta bisitei begira eraldatu nahi baitute euren etxea; hau da, itxura eman nahi dute, aberats berriak balira moduan, baina zorri hil piztuak dirudite, aberaskiloak, alegia.


open concept


Egia esatera, saio horiek hotzean pentsatuta obszenoak dira. Dirutzak xahutzen dituzte kapritxoetan, dena iruditzen zaie gutxiegi euren helburuendako, kexa baten ematen dute programa guztia. Halakoak entzun behar, pertsona askok etxebizitza duinik ez duenean. Baina, agian, urrunekoak direnez, sortzen digutena harridura eta barregura baino ez dira. Edo fikzioa direla iruditzen zaigu, film batean legez.


Dena den, harrigarriena da, nire ustez, AEBetako saio eta filmetan halakoak baino ez agertzea, azken hamarkadan sekulako hekatonbea izan denean zabor-hipoteken (edo subprime hipoteken) kontura. Ez dago reallity-rik, ez bazkal osteko dramarik. Fikzioan ez dago halakorik. Eta badakigu jakin, telebistan agertzen ez dena, ez dela existitzen.


Hemen eta estatuan ere etxe desjabetzeek portadak eta teleberriak betetzen zituzten. Agian ez zituzten okupatzen titular handienak, baina ia egunero ageri ziren. Orain, ostera, desagertu dira. Nork desagerrarazi ditu etxebako horiek albistegietatik? Zer gertatu zen kalean geratu ziren familiekin? Nola egin dute aurrera? Isiltasuna, AEBetako telebista saioetan bezala.


Isiltasun horrek, aitzitik, ez du esan nahi etxegabetzerik ez dagoenik. Ez da orduko asmakizuna, zoritxarrez, beti bota izan dutelako jendea bizi zen etxeetatik, jasan dugunok ondotxo dakigun moduan.


Gaurko eguna urteko egunik latz eta tristeena izaten zen gure aiton-amona baserritar pobre maizterrentzat #SanTomas #esanbeharnuen #memoria

— Garbiñe Larrea (@Gar2Larrea) 2016(e)ko abenduak 21


Aurreko krisian ez ezik, historikoki ere arruntak izan dira etxegabetzeak. Hala gogoarazi ziguten twitterren San Tomas eguna zein traumatikoa zen baserritar errenteroendako, egun horretan ordaintzen zelako leku askotan urte guztiko errenta. Uzta eskasa izanez gero urte hartan, gosea segurua; eta urte txarra izan balitz, etxea husteko agindua: ondasun gutxi eta pobreak aldean hartu eta baserria laga behar. Eta ez dezagun ahantz, baserria familia horiendako bizilekuaz gain, lantokia ere bazela, hortik atzeratzen zutela bizimodua, sarriegitan bizirautea baino ez bazen ere. Miseria bazterretan, argitara atera duenez Naiz-eko artikulu batek, 1927ko Eusko Ikaskuntzako txosten baten oinarrituta. Ikerketa horrek salatzen du gehiegizko errentak eta etxeen egoera txarra. Orduan ere, aberatsak pobreenen pentzura bizi.


Esan duan lez, baserria etxe eta lantoki izan da historikoki. Identitatea ere bai, abizena eman zielako gure aurrekoei etxeak, adibidez. Hori eta beste gauza asko azaltzen ditu Xamarrek “Etxea” bere liburu ederrean, azken Durangoko azokan aurkeztu zuena. Zutik geratzen zaigun ondarearen bilduma, ametsetakoa baino erreala.


Etxea


Etxea beti ametsa izan da, poz eta malkoen iturri, Iparramerikan zein Euskal Herrian. Amets eta bizimodu.

Gipuzkoako Hitzan

Save

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua