Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera / Emakumeon exijentziak

Emakumeon exijentziak

Leire Narbaiza 2008/06/26 18:11
Aurreko post baten erantzun batek andrazkoon exijentzien gainean hausnarrarazi dit.

Afektuen deslokalizazioaren gainean jardun nuenean, Patxitrapero jaunak erantzun bat laga zidan. Bertan zioen exijentzia maila ikaragarri igo dela, alde guztietatik. Nik arrazoia eman nion, pentsatzen dudalako exijentzia ikaragarri handitu dela, onerako zein txarrerako.

Batetik, gizonekiko exijentzia handiagoa da, zorionez. Orain belaunaldi batzuk arte, emakukumeen etorkizuna bi eratakoa baino ez zen: komentua ala ezkontza. Ez zegoen besterik, hortik kanpo belditzen zena, arazoak baino ez zeukan: prostituta ala neskazaharra. Hortaz, ezkontzeko presioa oso handia zen, eta exijentzia txikia. Ahal zena. Gaur egun, gauzak zerbait aldatu direnez, presio hori ez da horrelakoa, sotilagoa da, eta jasangarriagoa (gai honek post oso bat merezi du, badaukat zer edo zer martxan). Zorionez, exijentzia altuagoa onerako izan daiteke, nahiz eta honek frustrazioa dakarren, printze urdinaren mitoa...(honek ere post oso bat merezi du, eta Elena Lakaren bidetik, hasi nintzen prestatzen, baina hor dago, neberan. Ikusten duzuenez, proiektu abandonatuz beteta nago, beti beste blogari batzueri kopiatzen.........)

Bestetik, gurekiko exijentzia ere ikaragarri igo dugu: profesionalak, kultuak, irakurzaleak, interesanteak, maitale bikainak, sexiak, emazteak, ulerkorrak, ondo jantziak, etxeko andre maratzak, amak, blogariak, informatuak, modernoak, onprometituak, lagun onak, guapak, gorputz lirandunak, depilatuak, alaiak, eleanitzak, zentzudunak, erakargarriak, osasuntsuak, kirolariak....izan behar dugu, eta gainera takoi altuetan. Baina egunak hogeita lau ordu baino ez dauzka, eta perfekziorik ere ez dago. Super-woman izan nahi dugu, baina askotan mini-neskak baino ez gara, bizitzak alde batetik bestera eroaten gaitu, gura ez dugu tokietatik; estupenda izan barik, narrastxo tatarrez goaz bizkarrean motxika erraldoi bat dugula. Horrela sentitzen naiz askotan.

Eta beste alde batetik, esan behar dut exijentzia horiek gizarteak ere inposatzen dizkigula, emakume eredu bat ematen du, aurreko super-woman hori baino fashion-agoa, baina buru hutsagoarekin, estetikari eta itxurari gehiago erreparatzen diona edukiari eta mamiari baino. Azalekoa, superfiziala, in eta out ondo desberdintzen dakiena, Manolo batzuengatik hilko lukeena (Manolo zapata marka bat da, ez auzoaren senarra!). "Mujeres desesperadas" edota "Sexo en Nueva York"-ekoen tankerakoa. Horiek dira gure muga-ereduak, horiek gure guru estetikoak...Patetikoak!

Orduan, zer esan? exijentzia igotzeak on ala kalte egin digu? Bietatik apur bat: emakume liberatuak gara, antzinako emakume tradizionalen zerebeloarekin. Estresatuta gaude, astirik ez daukagulako hori guztiori egiteko eta lortzeko; jakina, ezinezkoa denez, gehiago ahalegintzen gara. Beraz, pittin frustratuta ere bagaude, "nahi" duguna ezin dugulako lortu (ezinezkoa da!), eta gure buruari esaten diogu ondo gaudela, gure aurrekoeekin konparatuz gauza asko lortu ditugula; gure ondoan dagoen gizona (baldin badago) guk aukeratu dugula; eta gizonik ez badago, horrela ere oso ondo bizi garela, zertarako kaltzontzilo zikinak!, baina batzuetan gustura hartuko genituzke kantzontzilo zikin horiek kariño pixka baten truke....

Kontraesanez beteta gaude, baina hain denbora laburrean hainbeste aldatu dira gauzak, hainbeste lortu dugu; normala da, oraindik gure lekuan ondo kokatu barik eta loka egotea, gure espazioa atontzen eta egokitzen. Gizonok ere gurekin batera mugituko bazinete, errazago egingo genuke dena!

 

 

 

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua