Elurra teilatuan…
Kokoteraino egongo zarete honezkero elur kontuekin. Agobiatu egiten gaituzte komunikabideetan betiko topiko tipikoak ikusten, entzuten eta irakurtzen: Kontxa elurtuta eta jendea bainatzen, esatariak mendiko portuetan hotzak akabatzen eskularru eta txanopean, edozein bazterretako argazki elurtuak, eguraldi iragarpenak noiznahi, psikosia eta istripua errepideetan,…
Bai, albistegiak arrunkeriaz beteta daude, eta orriak eta denbora luzea ematen dute elurraren aitzakiarekin benetan gertatzen dena tapatzeko; elurrak lurra ezkutatzen duen moduan, eguraldia erabiltzen dute errealitatea lanbrotu eta estaltzeko. Horrela difuminatuta geratzen zaigu, eta benetakoa ez dela ematen du.
Hala ere, ikaragarri maite dut elurra. Txikitatik. Gurean ez da hain arrunta; urtero ere ez zaigu agertzen; egin arren, beti ez du zuritzen. Gainera, gomutara oso momentu ederrak dakarzkit: Egindako elur-bola gerrak, begia handitu zidatenekoa, trenbidetik egindako txangoak klaseko mutilengandik babesteko, eskolan erdi jai (berandu iritsi, gela erdi falta, irakasle batzuk ere bai…). Jolasa eta olgeta, disfrutatzea, berba baten!
Honetaz gain, nire bizitzako pasarte ederrekin ere lotzen dut. Aitarekin, adibidez. Iñuxente egunean beti etortzen zitzaigun logelara esnatzera "edurra da" esanez, eta beti jausten ginen, ez dakit nola egiten zuen.
Elurrarekin lotura ere badago nire bizitzako egunik berezienetakoa, Somporten, hain zuzen. Ederra, elurtua, gozoa, eguzkipean… ahaztu ezinekoa. Eta aurreko bi horiekin batera pasa den astean ilobarekin bizi izandakoa, laburra baina ona. Elurrarekin haluzinatuta, galdera mordo bat egiten, flipatzen zerutik jausten ari zenarekin. Polita, oso polita…
Baina nire historia sentimentalarekin elurra oso lotuta egoteaz gain, niri neuri sekulako bakea ematen dit. Malutak jaustean duten kadentzia hori, mara-mara ari duenean. Dena zuri, kanpoan hotz, barruan epel. Oso txokolatezalea ez naizen arren, txokolate beroa hartzeko gogoa sartzen zait, mantapean kiribilduta. Non hobeto?
Horri guztiorri gaineratzen badiogu kalean dagoen bakea, ia zarata bakoa, trafikoa ere gutxitzen dela, zer gehiago eska liteke? Elurra egiten duen egunetan, dena da bereziago, dena doa astiroago, soseguz. Gehiago: txanoa, txapela eta ginbaila janzteko aitzakia perfektua da, baita modaz pasatako abrigu bero hori hainbeste gustatzen zaigun; izan ere, janzteko orduan elur-egunetan dena libre dela dirudi, moda alde batera lagata, barruko filiak erakusteko.
Nik gehiago ezin nezake eska. Egin beza elurra bota ahalean!