Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera / El Cascanueces

El Cascanueces

Leire Narbaiza 2009/01/12 00:24
Dantza emanaldian izan nintzen Gabonetan

Dantza asko gustatzen zait, txikitatik. Bai egiteko, bai ikusteko. Ahal dudan guztietan joaten naiz ikuskizunen batera. Baina beti euskal dantzak edo dantza garaikidea ikusi izan dut, eta aspaldian neukan gogoa ballet klasiko bat ikusteko, tutua darabilten dantzariekin eta malladun printzearekin.

Horregatik "El Cascanueces" Txaikovskiren lana Bilbon, Euskaldunan hain zuzen ere, zegoela jakin nuenean, sarrera bi erosi nituen, zirt-zart. Amaren urtebetetzeko oparia egiteko oso ondo zetozkidan: txori bi harri batekin!

Joan ginen igande horretan Euskaldunara. Askotan izan naiz bertan, baina beti beheko aretoetan, biltzarretan-eta. Sekula, baina, areto nagusian egon barik. Eta haluzinatu egin nuen. Zein ederra den! Telebistan ikusita neukan, baina zuzenean itzela begitandu zitzaidan! Oso-oso polita!

Justu-justuan iritsi ginen, Biboko domeka arratsaldeko ataskoak ez nituen kontuan hartu-eta. Jesarri eta hasi egin zen, komunera joateko astirik ere ez zigun eman. Argia itzali, eta hasi zen ikuskizuna. Hor ere gure lehenengo dezepzioa: musika grabatua zen. Ez dakit orkestra oso espero nuen, baina ez behintzat musika grabatua.

Dantzaldia aurrera egin ahala, konturatu nintzen dantza taldea (cuerpo de baile nahi dut esan, baina ez dut inon aurkitzen); hau da, dantzari protagonisten atzean dantzan egiten duten dantzariak, sinkronizazio gutxi zutela; batzuk besoa jaisten ari zirenean, pare batek igotzen. Ilarak nahiko desordenatuta, batera gauza gutxi egiten zituzten. Pentsatzen dut entsaio asko falta zela, eta gainera dantzariren bat ez zela besteen mailakoa....

Gaiztoa naizela esango duzue, baina dezepzionatuta geratu nintzen. Eta ezin dezaket esan disfrutatu ez nuenik. Hala ere, uste dut horrelako propaganda egin zaion ebentoak kalitate handiagoa izan zezakeela. Sarrerak merkeak ez ziren horratio!

Gainera esan behar dut hartzeko zegoen triptikoan; hau da Gabonetako ikuskizunak iragartzen zituena, erdera hutsean  zegoela. Euskarazko berba bakarrak "Euskalduna" edo "Euskalduna jauregia " ziren, eta euskaraz egiten zuten bakarrak, gu. Oso giro arraroa eta arrotza.

Azken batean, esan behar dut disfrutatu nuela, lekuagatik, giroagatik, dantzari batzuengatik. Baina ahoan laga zidan gustua gazi-gozoa izan zen. Beharbada, beste ikuskizun batzuekin, teorian apalagoak zirenekin, gehiago disfrutatu dut, antzoki txikiago eta xumeagotan, oso urrun joan gabe. Eta euskaraz!

Dena den, nahiko nuke ikusi orkestradun balleta, tutu eta tularekin, klasikoetan klasikoena. Dantzariak puntetan ia ikuskizun guztian, eta koroitxoekin buru gainean. A! Eta printzea malla zuriekin jantzita!

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua