Eibar.orgko blogek 10.000 artikulu!
beti esan dut, eta beti esango dut eibar.org-ri esker naizela blogaria. Eibartarren zerrendari esker, eta jakina, bertako partaideengatik, akuilatu, bultzatu eta babestu izan ez banindute, nik ez nuke blogik edukiko. Beti esaten dut, eibar.org nire ziber-familia dela.
Harrokeria barik, baina bai harrotasunez, esan nezake ziber-mundura familia onean jaio nintzela, beti oso babestua sentitu izan naizela, eta jaio orduko nire publikotxoa neukalako. Edozeinek, komunitate bateko kide ez denak ezin lezake horrelakorik esan. Familia onean zentzu guztietan: maitasuna eta heziketa ona eman didatelako, eta gure ziber-mundutxo euskaldun honetan badelako eibar.org nor. Beharbada, lehenengoetakoa izan delako, edota partaide batzuk oso ezagunak direlako.
Gure txikian, edo handian, zazpi urte daroaguz lanean, beharrean. Zazpi urte hauetan 10.000 post idatzi ditugu! 10.000! Ikaragarria da. Gainera, 10.000.a nirea ei da! Kasualitatea! Esan genezake, ia denak euskaraz idatzi izan direla. Jo dezagun sarrera hauetatik erdia (oso goitik jota) bideoak, argazkiak eta erdarazko artikuluak direla. Horrela izanda ere, 5.000 artikulu lirateke euskara hutsean! 5.000! Ikaragarria da!
Lanean hasi nintzenean, testuak irakasleok asmatzen genituen, edo testu liburuetatik kopiatu. Argia baino ez zegoen! Euskaldunon egunkaria sortzeke, hura basamortua zen! Herri aldizkariak ere ez ziren existitzen apenas, eta ahal zen moduan ibiltzen ginen.
Orain, ikasleak kexatzen zaizkidanean gustukorik ez dutela topatzen euskaraz haserretu egiten naiz! Euskal blogosferak hutsak dauzka oraindik, baina ezin da ukatu egindako bidea eta sortutako guztia.
Eibar.org-ko komunitateak badauka zer ospatua, baita euskaraz bizi nahi dugunon komunitateak ere! Zorionak denoi!