EGAko "kalabazak"
Azken boladan hautsak harrotu ditu EGA azterketaren emaitza eskasak. Antza denez, %26k baino ez du gainditu proba idatzia. Hala jardun dute esaten “harresi zeharkaezina” dela, maila oso altua dela, oztopo lanerako,... Badakizue, erregai gehiago euskararen kontrako lasterketa honetan.
Badakit azterketa kontu honek zeresan ugari ematen duela, eta inor ez duela hotz lagatzen. Aspaldi erabaki zuen Euskaltzaindiak D titulua ematea, EGAren aitzindaria, eta bide horretatik segitu dugu titulu, eskakizun, perfil eta abarrak egiten. Euskara dakigula adierazten dugun papertxoa edukitzea, hori da ezinbestekoa. Eta hala doakigu! Titulitisak jota!
Tira, 25 urte daramatzat klaseak ematen eta tituluak ugaritu zaizkigu. Bidean gehiago ere badatoz, gure zoritxarrerako! Izan ere, gero eta gehiago gorrotatzen ditut azterketak, dena kutsatzen dutelako, eta akuilu izan beharrean, normalean oztopo, obsesio eta frustrazio iturri izaten direlako. Txarrena da, etengabe elikatzen dela sorgin gurpil hau eta ez dakigula bertatik ganoraz nola atera.
Itzul nadin harira, EGAra. Azterketa hau iraupen luzeko oztopo lasterketa da: otsailean atarikoa, %75 ondo eduki behar da gainditzeko. Ostean, martxoan, idatzia: entzumena, irakurmena, berridazketak, sinonimoak eta idazlan bi. Hau guztiau gainditutakoan ahozkoa maiatzean. Beraz, oraindik ere igo liteke suspentso kopurua. Nekagarria eta etsigarria, ezta?
Baina kontuan hartu behar dugu titulu hau jasotzen duenari gaitasuna ematen diogula, esate baterako, irakaskuntzan jarduteko, gure umeei eta gazteei klaseak emateko euskaraz. derrigor behar du maila altua izan, lana ondo egingo badu.
Era berean, ez-gai izateak ez du esan nahi euskara ez jakitea, azterketa ez duela ondo egin baizik. Beti konparatzen dut gida-baimenarekin: badago jendea badakiena gidatzen eta azterketara joatean suspenditzen duena; izan ere, bertan semaforoa hori egonez gero gelditu behar da, zebra-bide guztiak errespetatu,… kalean sarri egiten ez dena. Beraz, azterketa gainditzen ere ikasi behar da! EGAn bezala. Baina beti-beti euskara jakin behar da!!
Baina gutako zenbatek gaindituko luke gaztelaniako EGA? Gaztelaniazko berridazketak ondo egin? Eta idazlanak? Hizkuntza ikasleek baino erabiltzen ez duen generoa da, barren! Zuzen idatziak, egokiak, koherenteak, kohesionatuak, hiztegi aberasdunak? Oso jende gutxik! Benetan diotsuet! Kontua da gaztelaniaren ezagutza, ez dugula inon demostratu behar, eta konstituzionalki ia-ia onartzen zaigula maila hori (gezurra izan arren)
Honekin batera EGAren afera honetan mito faltsu asko daude: Gasteizen eta Iruñean errazagoa dela, urtetik urtera zailagoa dela, gainditu kopuru konkretua dagoela eta hortik gora ezin dela EGA gehiagorik eman… gezurrak, gezurrak, gezurrak!!!
“Kalabazen” motiboa anitza da: edozein joan liteke azterketara, ezer jakin barik, adibidez. Askotan maila baxuagoa dutenak probatzeagatik joaten dira, jakin arren aukerarik ez dutela. Baina loteria dela uste dute eta agian joanda -boletoa erosita- tokatu eta EGAdunak izango direla! Errazagoa primitiba tokatzea!
Beste alde batetik, euskara maila, orokorrean, eskastu egin dela esango nuke. Gaztelaniaren eragina nabarmenagoa da, gutxiago irakurtzen da,. Gainera, askotan gaztetxoak dira izena ematen dutenak, eta heldutasun falta handicapa da idazlanak egiteko orduan, benetan. Asko eta asko, ezer prestatu barik joaten dira. Horrela, tzapla! Belarrondokoa, eskua zabal-zabalik jasotzen dute!
Eta batzuek esango digute seigarrenean gainditu dutela, mitoa indartuz. Baina hasierako hiruretan gutxienez, mailarik ez zuten! Bo, batzuek diotenez, euskararekin negozioa egiten dugunon inbentoa dela, gure morraillagintzan jarraitzeko! Euskararen lepotik gure patrikak betetzeko!