Edukiontzi marroia
Eibarren orain hilabete inguru jarri digute edukiontzi marroia, zakar organikoa jasotzen duena, alegia. Une horretara arte, urdina (papera), horia (ontziak eta plastikoak), laranja (olio erabilia), zuria (arropa) eta berdea (beste guztia botatzekoa) geneuzkan. Toki batzuetan marroiari 5. edukiontzia deitu diote, baina ondo kontatuz gero, geurean 6.a da. Zenbakiak zenbaki, nola jarri zuten eta zeintzuk izan diren bururatu zaizkidanak kontatu nahi ditut.
Jakin nuenean organikoa jasoko zutela, ikaragarri poztu nintzen; izan ere, aspalditik dut argi zarama dela gure arazo nagusienetako bat. Horregatik gustuz hartu nuen, nahiz eta jakin edukiontzi sistema eraginkorrena ez izan. Hala ere, pausu garrantzitsua begitandu zitzaidan, batez ere jendea kontzientziatzeko.
Horrela, pegoran kartela ikusi nuenean itxura txarra hartu nion kontuari, "oso ondo" informatutakoendako ei zelako kontainer berri hori; gainera, izen abizenak eman behar zirelako. Zeharo harrituta geratu nintzen. Oso ondo informatutakoendako, ia informaziorik eman gabe? Nola liteke hori? Neure burua gai horretan informatutzat daukat beti interesa izan dudalako, baina edozein hiritarrek esaldi horren aurrean ez luke atzera egingo? Baiezkoan nago.
Eta horrela gertatu da nire ustez. Herri osoan ez da ezarri, eta ezarritako pegoretan arrakasta gutxi izan duela pentsatzeko motiboa daukat. Inkesta azkar bat eginda lagun eta familia artean atari bakoitzean 2-3 etxebizitzatan baino ez zuten onartu. Hori kontuan hartu barik Urkizuko dorreak (lau dorre, 15 pisu eta 6 bat ate pisuko), bertan askoz txikiagoa izan da izen ematea, bertako bizilagun batek esan didanagatik, behintzat. Eta hori kubotxoa eta poltsak oparitu zituztela!
Informatuendako izatea, izena eman behar izatea, giltzaz egotea ontziak… arrazoiak izan daitezke jende gehiago ez animatzeko. Niri neuri ere zitzaizkidan gustatu, eta batzuei ez diet zentzurik ikusten. Giltzarena bai, oso deserosoa izan arren, beharrezkoa dela begitantzen zait, bestela auskalo zer botako luketen bertan. Giltza izanda ere, ez nago oso ziur.
Informazioa eta formazioa, hori da gakoa. Zenbat jende dago nagikeriagatik ez ditu hondakinak sailkatzen, dena ontzi berdera botatzen duena? Eta zenbat pertsonak, sailkatu arren, txarto egiten du, urdinean paper eta kartoiak plastikozko poltsetan botata? Gainera, gure auzoan fenomeno berri bat agertu da: sastar-poltsak paperontzi azpietan azaltzen dira, edukiontzian 20 metrora egonda… Hori guztiori gertatuta, zelan ez gaituzte herritarrok hezten?
Goikoarekin lotuta, nire iritzian zabarkeria galanta erakutsi du mankomunitateak, horrelako plan bat abiatzeko orduan gutxienekoa informazioa delako. Behin edukiontzi, kubotxo eta poltsen inbertsioa eginda, ze kostatzen zitzaion programaren berri ematea? Beste eskaparatismo bat baino ez da? Edo beste interes batzuk daude horren azpian?
Ez dakit, baina txarto pentsatzeko aukerak baino ez dizkidate ematen!