Dotore egon guran hotelean
Udazkena etorri zaigu ofizialki aste honetan, nahiz eta pasa den asteko eguraldiak ekarri. Batzuk oraindik oporretan daude, eta besteok oporretako souvenir-ak botatzen/gordetzen gabiltza. Urrun ikusten dugu duela gutxi, beste mundu batean, beste sasoi batean bizi izandakoa.
Garbiketa egiten, hoteleko paperak aurkitu ditut, propagandak, argazkiak. Baita afarietako kontu bat ere. Burua joan zait udako plazer horietara, deskantsua eta “dolce far niente” ohitura zirenen sasoietara.
Edarien faktura ikustean afariekin gogoratu naiz, hainbeste janari hartzeak sortzen zidan harriduraz, nire inguruan zeudenen jarreraz, baita itxura bereziaz ere.
Egun santu osoan hamakan botata egon ondoren , kresalak ilea laztuta, krema, izerdi eta ur gazi nahastea larru-azalean itsatsita, batzuei afaltzeko orduan dotore eta guapo-guapo jartzeko gogoa pizten zitzaien.
Gogoak afarirako ilarara narama. Ingurukoei eder egoteren gaixotasunak gogor eraso die. Usainetan igartzen da gehien: perfume, gomina, after-shave eta afer-sun usainak nahasten dira, ia proportzio berean.
Haluzinatuta nago. Azal gorritu horiek maletan zeramaten jantzirik dotoreenek estaltzen dituzte. Dotoreak omen direnak. Niri neuri ez zait otu horrelakorik sartzea nirean; beraz, ezin jantzi. Agian, ez dut horrelakorik sartu ez dudalako halako piezarik armairuan. Izan ere, Marbella look-a nagusitu da emakumezkoen artean: nikian, tirantedunak, eskote handiarekin, bizkarra libre eta sabela bistan; minigona edo miniprakak bernak ederki erakusteko eguneko lan latza (beltzarantzea); aurpegia oso-oso makillatuta, ezpainak arrosa distiratsuz, begiak urdinez; ilea harro eta luze; denak dir-dir eta belztuta; eta takoiak, ahalik eta altuenak.
Gizonezkoak, ostera, anitzagoak. Praka piratak, eta kamiseta, baita praka luzeak eta alkandora manga laburra ere. Bat edo beste Greziako jaiko mozorratuta: zuri jantzita, zapatetatik, samaraino, jangela osoan gora eta behera paseatuz bere ustezko edertasuna.
Afaltiar haien artean gutxi batzuk ni bezala, udako praka freskoenekin eta kamiseta garbia.Hurrengorako ikasi dugu eta badakigu film ingelesetan bezala afaltzeko “jantzi” egin behar dela, etiketa bat dagoela.
Dena den, ustezko dotoretasun hark asko zuen hipermerkatuko beherapenetik, merkadilloko gangatik. Distirantegia zen dena, faltsuegia. Turista izateak duen faltsutasun guztiak bezala: lurrin larregi eta usain gozo gutxi.