Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera / Dialogoa, negoziazioa eta konfrontazioa

Dialogoa, negoziazioa eta konfrontazioa

Leire Narbaiza 2017/10/20 23:45
Gipuzkoako Hitzan 2017ko urriaren 20an argitaratua

Mateixa, ara, seny, por, pau… hitzak ikasi ditugu azken boladan, nahi barik, ia-ia berezko jakituriak “eman” balizkigu bezala. Testuinguru konkretuan, gai izan gara deduzitu eta ulertzeko. Katalanez gabiltza ikasten berez, horretara jarri barik. Ez dakit Kataluniak independentzia lortuko duen, baina hizkuntza gutxituari procés horrek eragin dion bultzada ikaragarria da, edozein hizkuntzak nahiko lukeena. Zer esanik ez, hizkuntza minorizatu batek.


Diàleg da ikasi dugun hitz horietako bat. Dialogoa, alegia. Batzuek eta besteek eskatzen dutena. Euskaraz dialogoren ordaina, hiztegian begiratuz gero, elkarrizketa da. Dialogo gaitzetsita dago. Bai, badakit Hiztegi Batuan agertu agertzen dela, baina euskara baturako ez da gomendatzen, idatzian erabilera urria izan delako. OK. Gutxitan idatzi ei dugu; hala eta guztiz ere, esango nuke euskara mehetu eta marguldu egien duela berba hau arbuiatzeak. Zeren eta dialogatzea eta elkarrizketa ez baitira gauza bera; edo hobeto esanda, dialogoa solasaldi mota bat konkretu bat da. Nire ustez, elkarrizketa pertsonen arteko edozein hitz-trukaketa izan liteke; esate baterako, igogailuan izan dezakegun eguraldiaz egiten dugun berbaldia. Elkarrizketa da izan, baina inork deituko lioke dialogo horri? Ez, bada! Honek, atzera  ere, Xabier Amurizaren baieztapena berresten du, euskara idatzian 2000 hitz falta ditugula, alegia.


Era berean, iruditzen zait gutaz ere asko erakusten duela, bat etortzeko dugun ezintasunaren erakusgarri izan litekeelako. Izan ere, dialogoak beti nire iritzirakoelkar ulertze minimo bat eskatzen du, adostasuna lortzeko helburua ere baduela esango nuke. Berba hori gurean falta izanak demostratu lezake elkarri entzun eta konprenitzeari ematen diogun garratzi urria.


Diàleg. Parlem irakurri dugu. Manifestazioak ere egin dira dialogoa exijitzeko, ahaztuta Generalitateak Espainiako gobernuari 17 aldiz eskatu ziola berba egitea erreferendumaren aurretik. Baina, hemen ondotxo dakigunez, adostasuna eta elkar ulertzea Espainiako Erreinuari (Hedoi Etxartek esango lukeen moduan) eskatzea eguerdian ilargi bila ibiltzea bezalakoa da, ez da existitzen. Espainian diskusioa eztabaida da, ingelesez edo frantsesez gertatzen ez den moduan.


Discuter (frantsesez), to discuss (ingelesez) hitzek eztabaidatu esanahia izateaz gain, hitz egitea ere esan nahi dute. Discutir gaztelaniaz, ostera, eztabaidatzea da, ez berba egitea. Konfrontazioa eta gatazka da, oihuka jardutea, Tele5ko Sálvame estiloan. Orroka baten, elkarri entzun barik, ozenen jarduten duena irabazle. Hala imajinatzen dut elkarrizketa, dialogoa, eztabaida…


Baina Espainiako gobernuak orain arte, dialogoa edota elkarrizketa bidea zabaldu beharrean, bere bertsio armatua besterik ez du erakutsi: errepresioa eta kartzelaratzeak. Beharbada, ez daki besterik egiten, euskaldunokin demostratu zuen lez. Katalanekiko duen jarrerak, zoritxarrez, hipotesia berretsi besterik ez digu egiten.


Llibertat hitza ere ikasi dugu, maleruski. Llibertat, askatasuna eskatzeko izan delako, Jordi biak (Sanchez eta Cuixart) etxeratu ditzaten, eta beste inor espetxean sar ez dezaten. Casserolada etengabeak egingo ditugu, behar izanez gero, amorrua atera eta protesta egiteko.


Eta Egunkaria itxi zigutenean Endavant ere ikasi genuenez, Endavant Catalunya aldarrikatuko dugu, dialogo eta negoziazioan sinisten baitugu. Katalunia gara-eta!

Gipuzkoako Hitzan

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua