Berrogeitaka urte dauzkagunok ondotxo dakigu zenbat afari, bazkari, ospakizun egiten diren bizitzaren laugarren hamarkadara iritsitakoan. Sukar arraro bat sortzen zaie askori, eta hala ekiten diote txikitako auzoko lagunen afaria, udalekuetako kideen asteburu-pasa, institutuko klaseko bazkaria, hogei urterekin egindako bidaia gogoangarri haren txangokideen juntadizoa…
Denak nerabezaro edo lehenengo gaztaroko kontuak dira beti, revival gustukoak, beti baitago orduko argazki emanaldia, sasoi hartako musika edota garai hartako anekdoten etengabeko kontaketa. Esan liteke berrogeiekin batera elkarretaratze horien antolatzaileek igartzen dutela gaztetasuna badoakiela esku artetik, hondartzako harea legez, eta helduaroan zeharo sartuta eta egonkortuta egon aurretik berriro ere bizi behar dituztela orduko denbora (ustezko) zoragarriak, aspaldian, artean gazte eta berde ginela...
Nostalgia izango da batzuentzat, oraindik gazte daudela konfirmatzeko besteentzat, baina horrelakoetatik sentsazio bereziak ateratzen ditut. Adibidez, hain gustuko nuen mutil hura gaur egun zelakoa den ikusita -eta ez naiz fisikoaz ari-, galdetzen diot neure buruari nola izan zitekeen erakarpen hura, gaur egun duen filosofia eta iritziekin.
Era berean, sarri askotan halako ospakizunetan, nire adineko jendearekin egon beharrean gurasoen kuadrillarekin nagoela pentsatu izan dut: gaiak, jarrerak, pentsaerak... Kezkagarria, benetan, konturatzen naizelako zein gutxi mugitu den gizartea, eta rolak etengabe errepikatzen direla. Tira, gurasoen lagun taldearena berrogeirekin ez ezik hogeita hamarrekin ere gertatu izan zait, beraz ez dakit adinaren kontua den ala beste zeozer. Dena den, azkenean beti pentsatzen dut eurak ote diren aldatu direnak ala ni neu naizen aldaketa izan duena.
Zaila da jakitea hori. Seguruenik denok aldatu gara, baina gaitza da esatea nor den kanbio handiena izan duena. Hala ere, harritu egiten nau euren buruek izan duten deribak: lehen defendatzen zutena, orain haren kontrario. Ia errekonozitu ere ez ditut egiten batzuk.
Beraz, gu orain hogei urte gaur egun garenak ginen, ala beste batzuk gara? Duela bi hamarkada oraingoa nintzen ala hainbeste aldatu naiz, ezen ez nauen inork ezagutzen? Orduan, beste horiek oraingo horiek dira, ala ez? Orain direnaren hazia euren baitan zeukaten, ala zegoeneko halakoak ziren? Izan ere, gaur ez ditut aurkitzen eurengan orduan topatutako gauza on haiek guztiak.
Esan dudan bezala, baliteke ni izatea aldatu dena, lozorrotik esnatu, lehen ikusten ez nuena behin betiko begiztatu duena izan ninteke; izan ere, inoiz baino niago sentitzen bainaiz gaur egun...
Zein berezia den mundua, zein bitxiak garen pertsonok. Baina zientifikoek esaten dutenaren arabera, gorputzeko zelula guztiak zazpi urtean behin mudatzen dira, eta ez zaigu lehengotik ezer geratzen. Beraz, hasiera hartako gu edo ni hura non dago? Gu gara orduko haiek, ala beste norbaitzuk bihurtu gara? Eta beste batzuk bagara, non geratu dira gure antzinako guak, beste botoi galduak bezala, hor nonbait? Ez gara gure baitakoak, antza denez. Haizeak eta gertaerek mugitutako zapiak baizik.