"De hoy no pasa sin que viole a una chavalita"
Elgoibarrik Eibarrerako azken trena hartu dut, 9etakoa. Nire bagoian mutil nerabe kuadrilla bat zihoan, nabarmen: buila baten, korroskada, oihuka...
Halako baten entzun dugu ozen: "No pasa de hoy sin que viole a una chavalita".
Zur eta lur laga nau, ezin ezer erantzunda.
"Horrelakorik ezin da esan, ezta brometan ere" bota die suabe euren aurreko emakumeak. Baina barre egin diote, eta oihuka jarraitu dute.
Zalantzan egon naiz zerbait esan ala ez. Izan ere, horrelako mutikoen taldeek beldur puntu bat ematen didate, gaztetxoa nintzenetik, inoiz ez baita jakiten zelan erantzungo duten, eta liderrari haizeak nondik joko dion. Baina pentsatu dut beste emakumeari babesa eman behar niola.
Beraz, burua jiratu eta oihu egin diet ezin dela horrelakorik esan, biolazioarekin ez delako jolasten.
Batek, aurpegia eskuarekin estali eta barrezka segitu du. Biolazioak ez duela graziarik egiten, bota diot nik. Orduan lagun batek, umil, erantzun dit brometan zebiltzala. Atzera nik biolazioaren ezin dela bromarik egin, txantxa horiei stop esan behar zaiela.
Mutu utzi ditut.
Berehala, nire geltokira ailegatu gara. Atea ondoan zuten, eta ez dut aukera galdu beste kontutxo bat esateko horretan guztian pentsatu behar zutela. Barkamena eskatu dute, eta eskerrik asko!
Dar-dar baten irten naiz nasara, eta etxera iritsita ere, urduri segitu dut. Sekulakoa montatu diet, ez dakit ezertarako balioko zuen, baina besterik ezin nuen egin.
Guztiz nahastuta laga nau kontuak, baina uste dut badela ordua horrelakoen aurrean planto egiteko, eta isilik ez geratzeko. Hala sentitu dut!
Lide