Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera / Botea jartzea, identitate ikurra

Botea jartzea, identitate ikurra

Leire Narbaiza 2017/09/23 01:20
Gipuzkoako Hitzan argitaratua 2017ko irailaren 22an

Kameruneko lagun bati poteoa zer zen azaldu ziotenean, dirua banatzeko era berdinzalea zela kontatu zioten, kaleko taberna guztiek negozioa izan zezaten, modu “sozialista” dirua banatzeko. Ez dakit oso azalpen egokia den, baina grazia handia egin zigun. Agian, euskaldunok ikurtzat dugulako kuadrilla, txikiteoa eta botea jartzea, gure sozialtasunaren erakusgarri direlakoan; izan ere, hemengook harro esaten dugulako elkartasuna dela gure ezaugarria, auzolanean oinarritzen dela gure identitatea.


Benetan hau horrela bada, zer gertatzen zaigu elkartzen garenean? Zergatik ezin gara ados jarri? Zerbait proposatutakoan, zer dela eta kontrako proposamen bat jaurti? Ez dut ulertzen.

Argi ikusten da hau gure ikurren kontuarekin ere: ez gara gai ados jartzeko. Ez sinbolo, ez himno, ez bandera. Denboratxoa da Kataluniara begira gaudena, eta asko adurra dariola egoten gara hango kohesioa eta taldetasuna ikusita. Beharbada, castellers-en indarrak eta elkarlanak erakutsi diete bidea. Biribilean jarri, eskutik oratu eta dantzan egiten dute. Bai, esango didazue dantza zozongoa dela Sardana, aspergarria. Izan liteke, baina ia guztiendako dantzagarria, talde sena indartzen duena.


Gero, banderen kontua. Senyera daukate, eta esteladak. Egunotan esteladak dira jaun eta jabe, baina esteladak ez dira denak berdinak. Joera nagusiak bi badira ere, makinatxo bat dago. Gainera, estelada desberdin bi lagun talde berean ager litezke, elkarren ondoan. Imajinatzen duzue halakorik hemen? Ezinezkoa litzateke!


Hizkuntza ere ezin aitatzeke laga. Han inork ez du planteatzen katalanez ere egin behar den, zein ehuneko hizkuntza bakoitzari eskaini, itzuli behar ote den esandakoa,... Egin eta kito! Egia da errazagoa dutena, baina uste dut guk buelta gehiegi ematen diogula elebitasun diglosiko honi.


Eta azkenik, himnoa! Zoratuta nauka kontu honek! Zelan kantatzen duten denek Els Segadors! Batuta, edozein unetan, ahots bakar bat balute bezala. Diada eguneko bideo bat eder bat ikusi nuen, metro barruan kontrako norabideko nasa biak jendez lepo, elkarri begiratu eta kantuan. Oilo ipurdia! Halako ereserki bat izateak batasun sentsazio itzela ematen du, babes moduko bat ere izan liteke, abesten duen herri bat ez baita inoiz hilko!


Bitartean, gurean, zer? Ez dugu castellers-ik, hala da eta ondo dago. Dantza kontuetan, gure folklorea aberatsa eta oparoa da, baina, akaso, horrek ere eztabaida pizten du. Larrain-dantza dantza nazionala aldarrikatu zuten, baina zaila baino zailagoa da, tradizio gutxikoa Euskal Herri osoan. Honetan ere kale.


Banderekin ere arazo handia. Ikurrinari askok erreparoarekin begiratzen diote, Aranak asmatua, EAEkin lotuegia,.. Nafarroakoa beharko lukeela diote batzuek, besteek odol asko isuri dela gurutzebikoaren alde,... Ikurrina gero eta gutxiago ikusten da leku ofizialetatik kanpo, edo Lapurdiko leku turistikoetatik at!


Azkenik, himnoarena. Lotsagarria! Ez daukagu!  Proposamenak mila, baina ganorazkorik ez. Uste dut himnoa serio planteatzeko kontua dela, batu behar gaituelako, babes-geruza izan behar delako ahotik irteten den boz hori.


Jarrai dezagun harrotzen botea jartzen dugulako, eta barre egin diezaiegun katalanei bakoitzak berea pagatzen duelako, baina argi dago nor dagoen batuago, ezta?

Gipuzkoako Hitzan

sosola
sosola dio:
2017/09/26 09:54
Egia Leire, aldea handia da.
Bada beste elementu bat erabakiorra eta "paradogikoa":Estrategiarako gaitasuna.
Mediterraneoan sorburua duen herrialde latinoa (odol beroa, tomate-jalea) izanik ere, epe luzera begirako estrategia inteligentea marraztu dute. Estatua amarrauan jausi eta partida galdua du honezkero.
Gu berriz, "aza-jendea" gara (Jakobitoon izkribuetan jartzen duenez). Eragin atlantiarreko herria. Iparraldeko Europako nazioekin lotura estuak izan ditugunak (odol hotzekoak). Epe luzea, patxada, prakmatismoa presente beharko lituzkeenak.
Begibistakoa da hego-haizea nagusitu zaigula azkenaldian.


Bestalde, Herri txikia gara Kataluniaren aldean. "Herri txiki inpernu handi".

Eta bestetik, Madril-eko metropoliarekin lehian egiteko moduko Bartzelona-rik ez dugu.

Aza gehiago janda askatasuna lortu baietz?
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua