Bost urte blogeatzen!
2005eko azaroaren 21ian idatzi neban nere lehelengo posta. Asko kostau jatan erabagixa hartzia; izan be, lotsa haundixa emoten zestan hastiak; batez be, nere ingurueri zer begittanduko ete jakuen pentsauta: Leirek bere buruari zer erizten detsa, mundu zabalari bere paranoiak eta hasarriak zabalduta, kazetari edo idazle izan barik? Horrek asko kezkatzen ninduan, biharbada ez nebalako ondo aitzen blogak zer ziran: nahi genduana esateko espazio libriak, tutore barikuak. Esango neuke, gaur egun be, askok ez dabela ondiokan blogena entendidu!
Hasiera haretan zeiñek esango leuke bost urte emongo nittuanik, 300dik gora post idatzi, radixuan tertulietan jardun edo Sustatun kolaborauko nebanik? Iñork gitxik; nik neuk ez, behintzat. Erdi-analfabeta digital bat erdi-geek bihurtuko zanik ez genduan uste. Hala izan da, baiña.
Blogeko bihar onek gauza onak baiño ez destaz emon, zorionez. Blog apaltxua danez, euskeraz, eta oso ezaguna ez naizenez, ez daka beste munduko arrakastarik. Horrek lasai eta eroso ibiltzeko aukeria emoten desta, presiño barik. Eta bueltan etorri jatana beti izan da politta eta atsegiña, ez da gitxi!
Blogak gauza onak emotiaz aparte, bizitzako momentu txar eta onak eruaten lagundu destaz: pasau neban gaixotasun luze ha; aittan heriotza, bihar aldaketia, loibian jaixotzia... Hor izan dot kuaderno partikular hau barruak hustutzeko eta psikiatriangana ez juateko. Merke-merke, gaiñera!
Argi dakat bloga eibar.org-eri esker sortu nebala. Esan gura dot, eibartarren posta zerrendiari esker, bertakuak animau ninduelako sortzen, eta eurek izan diralako nere lehelengo jarraitzailliak. Badakitt, eurengaittik be lortu dodala lortu dodan hau, eurek emon dabelako blog honen barri bere blogetan eta abarretan. Baitta gauza teknikuetan be! Zuengaittik nago hamen, millioi bat esker, gauza guztiengaittik!!!!
Eskerrak be emon bihar bloga irakorri daben guztieri, baitta beste blogari batzueri be (Jozulin!). Danen aurrian, Patxi Trapero, bera izan zalako ezagutu ez, eta ondo etorrixa eta jarraipena egin zestan lehelenguetakua!
Beste alde batetik, esan gura dot Facebook, twitter eta holakuen sasoian, bloga dala ezinbesteko txoko eta babesa, guria (neri, kasu honetan) dana osorik eta bene-benetan. Bestiak ondo dagoz, baiña beste zeozer dira. Bloga ezin dabe ordezkatu. Gora blogak!
Eta amaitzeko esan gustora ibili naizela eta holan jarraitzeko asmua dakadala. Zuen laguntziakin! Milla esker, bihotzez! Laztan haundi-haundi bana, ederrok!!!
Zorionak, blogari.
Umea handitzen ari zaizu jada! Ikastolara bakarrik doa?
Segi idazten.