Plazer txikiak (I)
Behin, lagun batzuekin plazer txikien garrantziaz jardun genuen. Bagenekien plazerak ezinbestekoak zirela gure bizitzan, baina askotan plazer handi eta supremoen gainean egiten dugu berba, eta ahaztu egiten ditugu plazer txikiak egunerokotasunean zer garrantzia duten. Zoriontasunerako zubiak dira, bizitza gozoago eta ederrago bihurtzen dute. Eskerrak eurei!
Lagunon artean zerrenda bat egin genuen eta nik orain nire plazer txikiak zerrendatuko ditut. Plazer txikia da kaltzetinak kendu eta hazka egitea; gaupasa egin ostean, armozatzera joatea; barixakuetako lehenengo garagardoa; hondartzan bainatu eta sikatu barik, etzan eta eguzkitan lehortzea; liburu-dendetan liburu berriak ukitzea eta usaintzea; liburu bat liburutegian aukeratzea; libururen bat irakurtzen hastea; gustuko liburuaz lagunekin hitz egitea; udako ekaitzetan lur busti usaina; udazkenean mendian paseatzea; udazkeneko hego haizea (baina aspirina hartuta); ostoak gorritzen-horitzen-marroitzen ikustea; gaztaina erreen usaina kalean; neguko eguzkitan jesartzea;lehelengo sanjose loreak ikustea; anbulatorioko parkeko arbolak loretan; lehenengo gereziak jatea; mimosen eta ezkien loreen usaina; Patxi Traperoren bloga irakurtzea; eibartarren zerrendan eztabaida biziren bat izatea; aspaldiko lagun baten e-maila jasotzea; “erantzun berria zure blogean” mezua hartzea; nire ikasleen irribarrea; Matrallakoko batzar-osteak; eguenetan Amaia eta Elirekin bazkaltzea; zapatuetan mundua konpontzen ematen dugun debora; “etorriko zara gure etxera afaltzera?” Beñatek pena aurpegiz galdetzea; Larraitzek “Leire, Leire, ikusi nire ikastolako fitxak!” esatea; Klub Deportibokoekin eta Klub Deportiboan egindako ia edozein gauza; izara jarri berrietan oheratzea; domeketan berandura arte lo egitea; aje egunetan, manta gainean dudala, film erromantikoa ikustea; Ruperren edozein kantu entzutea; leienda urbano bat aditzea; neba-arrebekin etxean arratsaldea eman, eta ume sasoira itzultzea; Goñiko lagunen berri izatea; ume txiki bat besoetan hartzea; lagun astopotroen besarkadak; Anboto eta inguruko mendiak ikustea; goizeko zukua (sagarra, azenorioa eta laranja); kafe egin berriaren usaina; gidatzean leihatila zabaldu eta haizeak ematea; sandalietan ibiltzea….
Hauek , eta ahaztuta utzi ditudan beste askok laguntzen didate zoriontsuago izaten. Plazer handiak bezain inportanteak direla esango nuke, erraz aurki ditzaket eta. Horiei esker egiten dugu aurrera. Niretako ezinbestekoak dira!
Euskeriak lotsia emoten desku
Ez naiz Donostiako Zinemaldian egon, baiña telebisiñotik jarraittu dot. Galetan ez da euskeria existitzen. Gabon, eskerrik asko. Kitto! Amaittu da. Hori da Zinemaldixan bihar dan euskeria.
Beti aurkezle bi egoten dira: Edurne Ormazabal eta aktore espaiñiar bat. Edurne Ormazabalek esaten dittu hórrek berba horrek eta beste guztia gaztelaniaz, edo inglesez. Aktore espaiñiarrak, jakiña, gaztelaniaz baiño ez dau egittten.
Aurten inaguraziñuan Marisa Paredes egon da. Bai, Auria enea aurrian egon zan berbera, Manos limpiasekuekin, Ibarretxen dimisiñua eskatzen. Aktore ona izango da, baiña aurkezle kazkarra betetan. Behin baiño gehixagotan sartu zeban hankia. Horregaittik ez dot aitzen zelan hartu zeben. Ez dot konprenditzen.
Ez dogu iñoiz ikusiko aktore euskaldunik aurkezten, ezta baskorik be. Nahikua kategorixa ez dake. Badirudi pleitesia zor detsala Zinemaldixak espaiñiako aktorieri. Festibala Salamancan bardin-bardin. Zelako tritistia.
Euskeriak ez daka glamurrik, euskaldunok ez dakagu glamurrik. Jakiñekua da basokuak garana, takarrak, ikasi eta hezi bakuak, eta gaiñera zatarrak. Zelan jantziko gara, ba, soiñeko luzez eta trajez? Ez, ezkutau egin bihar gaittue irudixa zikindu ez deigun. Horreri soziolinguistikan autogorrotua deitzen jako.
Legia hausten dabiz. Euskeria ofiziala da. Baitta Donostian be. Itxieran eskerrak emon zetsen. Donostiako Udalari, Gipuzkoako Foru aldundiari, Kutxari eta Eusko Jaurlaritzari. Geure diruakin dago antolatuta. Ez dau legia betetzen. Eta dirulaguntzak jasotzen jarraitzen dau. Lotsagarrixa.
Euskeriak prestigiua emoten detsen ekitaldixak bihar dittu. Ezinbestian. Eredu billa gabiz. Gure gaztiak hizkuntziakin atxikitzeko. Baiña betiko moduan, aukerak alperrik galtzen gabiz. Eta galdera bat, Zinemaldixa Bartzelonan balitza, hizkuntza tratamientua bardiña izango litzake?
Bideak
Barikuan Elgetako Espaloia kafe antzokian izan nintzen Aukeran dantza konpainiak eskainitako “Bideak” ikuskizunean. Lana garaikidea da, baina euskal dantzetako urratsak ditu oinarri. Nire asmoa ez da kritika egitea, egia esan gustatu ez zaidan zer edo zeri ez nioke publikoki egurrik emango, ni ez bainago kualifikatuta horrelakorik egiteko. Beraz, trankil ibili. Hori bai, “koipea” ematea ere ez zait gustatzen.
Hainbat pausu erabili dute koreografia muntatzeko, eta batzuk konstanteak dira Aurreskukoak kasu. Nik gustuko ditut gure urrats tradizionalak erabiltzea dantza garaikidea egiteko, eta orokorrean gustatu zitzaidala esan behar dut.
Momentu batzuetan “Lord of the dance”, “Mayumaná”, “Le cirque du soleil” eta Ballet de Biarritzen eragina topatu nion. Horrek dakarren gauza on eta txar guztiekin. Gutxien gustatu zitzaizkidanak zati bi izan ziren: arropa beltz-zuriekin agertu ziren koadroa, eta azken zatia. Arropa beltz-zuria erabili zutenean hainbat ekilibrio eta akrobazia egin zituzten, baina ez nuen ikusten zelan akoplatzen ziren koreografian, fortzatuak iruditu zitzaizkidan. Azken zatiaren ideia ederra eta estetikoa begitandu zitzaidan lokarri zuriekin, Aurreskuaren estatikotasuna apurtzeko erabili zituzten mugimenduak…., baina uste dut mugimendu horiek gehiago sakondu behar dituztela.
Asko disfrutatu nuen dantza soltea oinarritzat hartuta egin zituzten lotura batekin eta beste koadro batekin. Loturak Derbitxeen mugimendua gogorarazi zidan, eta koadroak umetan egiten genuen esku-joko bat: sehaskarena (hari bat hartu eta biren artean mugimendu batzuen bitartez eta haria elkarri pasatuz, sehaska bat egin). Horrela dantza soltea zinta-dantza bihurtu zuten. Hori bai, dena lotu ostean ez zuten askatu, eta ondotxo dakigu hori izaten dela gaitzena…
Koadroen artean eta lotura egiteko neska bat irteten zen panderoa jotzen eta kantuan. Perkusioa zen oinarria eta sarritan erritmoa baino ez zen markatzen dantza egiteko, musika barik. Nire iritziz, horrek indar handia ematen dio ikuskizunari. Pena da kantuaren letra ez zela apenas ulertzen.
Arropari ere tarte bat gorde behar diot. Ez nuen pentsatzen mutilak hain guapo egongo zirenik gonekin. Egia esan, gonaren “bueloa” beti oso estetikoa izaten da.Lehenengo gona ez zitzaidan gehiegi gustatu, eta, gainera, batzuetan deseroso gertatu zitzaielakoan nago, batzuek salto egitean zapaldu egin zuten-eta, luzeegiak zirelako.
Eta dantzarien gainean zer esan! Zelako gorputzak, fondoa, erresistentzia. Pare bat dantzari ia ikuskizun osoan egin zuten dantzan. Itzela! Ea nork agoantatzen duen intentsitate horrekin espektakulu osoa.
Azkena Elgetako Espaloi kafe antzokiaz. Bere txikitasunean proiektu sendoa eta ederra egin dute, Eibarrek, adibidez ez daukana. Zorionak baino ezin dizkiet eman. Hurrengoan kontsumituko dugu, garagardo bat-edo! (Ez haiz kejauko, ez dok Iban?)