Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera / Plazer txikiak (I)

Plazer txikiak (I)

Leire Narbaiza 2006/10/25 17:51

Behin, lagun batzuekin plazer txikien garrantziaz jardun genuen. Bagenekien plazerak ezinbestekoak zirela gure bizitzan, baina askotan plazer handi eta supremoen gainean egiten dugu berba, eta ahaztu egiten ditugu plazer txikiak egunerokotasunean zer garrantzia duten. Zoriontasunerako zubiak dira, bizitza gozoago eta ederrago bihurtzen dute. Eskerrak eurei!

Lagunon artean zerrenda bat egin genuen eta nik orain nire plazer txikiak zerrendatuko ditut. Plazer txikia da kaltzetinak kendu eta hazka egitea; gaupasa egin ostean, armozatzera joatea; barixakuetako lehenengo garagardoa; hondartzan bainatu eta sikatu barik, etzan eta eguzkitan lehortzea; liburu-dendetan liburu berriak ukitzea eta usaintzea; liburu bat liburutegian aukeratzea; libururen bat irakurtzen hastea; gustuko liburuaz lagunekin hitz egitea; udako ekaitzetan lur busti usaina; udazkenean mendian paseatzea; udazkeneko hego haizea (baina aspirina hartuta); ostoak gorritzen-horitzen-marroitzen ikustea; gaztaina erreen usaina kalean; neguko eguzkitan jesartzea;lehelengo sanjose loreak ikustea; anbulatorioko parkeko arbolak loretan; lehenengo gereziak jatea; mimosen eta ezkien loreen usaina; Patxi Traperoren bloga irakurtzea; eibartarren zerrendan eztabaida biziren bat izatea; aspaldiko lagun baten e-maila jasotzea; “erantzun berria zure blogean” mezua hartzea; nire ikasleen irribarrea; Matrallakoko batzar-osteak; eguenetan Amaia eta Elirekin bazkaltzea; zapatuetan mundua konpontzen ematen dugun debora; “etorriko zara gure etxera afaltzera?” Beñatek pena aurpegiz galdetzea; Larraitzek “Leire, Leire, ikusi nire ikastolako fitxak!” esatea; Klub Deportibokoekin eta Klub Deportiboan egindako ia edozein gauza; izara jarri berrietan oheratzea; domeketan berandura arte lo egitea; aje egunetan, manta gainean dudala, film erromantikoa ikustea; Ruperren edozein kantu entzutea; leienda urbano bat aditzea; neba-arrebekin etxean arratsaldea eman, eta ume sasoira itzultzea; Goñiko lagunen berri izatea; ume txiki bat besoetan hartzea; lagun astopotroen besarkadak; Anboto eta inguruko mendiak ikustea; goizeko zukua (sagarra, azenorioa eta laranja); kafe egin berriaren usaina; gidatzean leihatila zabaldu eta haizeak ematea; sandalietan ibiltzea….

Hauek , eta ahaztuta utzi ditudan beste askok laguntzen didate zoriontsuago izaten. Plazer handiak bezain inportanteak direla esango nuke, erraz aurki ditzaket eta. Horiei esker egiten dugu aurrera. Niretako ezinbestekoak dira!

etiketak: Txargainen
jonas
jonas dio:
2006/11/17 00:08

Gabon Leire!

Idazle frantses batek ere liburu bat idatzi zuen orain urte batzuk "El primer trago de cerveza y otros pequeños placeres". Zure txatala ere ederra da eta, gainera, aurrea hartu didazu nik neuk plazer txiki horiek banan bana azaltzeko sailtxo bat hasteko asmoa baineukan. Izan ere, nire blogari hasiera eman nionean antzerako izena zuen bigarren txatalak:

http://jonas.blogsome.com/2006/02/07/plazer-txiki-hoiengatik-ez-balitz/

Patxi
Patxi dio:
2006/10/26 02:06

Bai horixe. Serafinek arrazoi. Ze polita idatzi dezuna! Eta ni hor tartean egotea, ba izugarrizko poza, nola ez ba.

Hartu lagun astapotro baten besarkada!

Muxu haundi birekin lagunduta.

Serafin Basauri
Serafin Basauri dio:
2006/10/25 22:57

Bai premiñazkuak plazer txikixok. Zer politta, Leire, idatzi dozuna!

Musu bat.

Serafin

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua