Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera / "Bertsolari Exhibition Center"

"Bertsolari Exhibition Center"

Leire Narbaiza 2017/12/23 21:30
Gipuzkoako Hitzan 2017ko abenduaren 22an

Artikulu hau igande arratsaldez nabil idazten, bertsolari finala jokatzen ari den bitartean. Aretoa lepo beteta dago. 14000 bertsozale baino gehiago elkartu dira Barakaldoko BECen, Bertsolari Exhibition Centerren. Hizpide askorako ematen du pabilioi horretan lau urtean behin ikusten denak. Energia mordo bat leku txiki baten kontzentratuta erakusten digu. Publikoak gozatu bitartean, euren mugimenduek adierazten dute dena: olatuak, irribarreak, txaloak, txistuak… Gorputz bat balitz bezala, batera dabilen jende-oldea, emozioaren eremuan.

Bertsozale izan barik ere hori guztiori onartzen diot txapelketari, eta batik bat, finalari. Afiziorik ez dugunoi ere eman digulako zeresana azken bolada honetan. Eta handia, gainera.

Baina, oinarrian, BECekoa euskaraz bizi den, edo bizi nahi duen, herri baten erakustokia da. Utopia baten sinboloa dela ere esango nuke. Era berean, txakur-amets bat ere bada, kimera hutsa, Bizkaia Arenako jendetza hori ez delako herri euskaldun guztia, eta lau urtean behin baino ez delako sortzen giro hori adierazpide kultural baten inguruan.

Agian, badugu beste adierazpide kultural bat ere urtero-urtero jende-andana batzen duena abenduan: Durangoko azoka. Esango didazue ez dela konparagarria; bertara joandako guztiak ez direla euskal hiztunak; kulturaz gozatzera baino, kultura kontsumitzera joaten direla azokazaleak, edo postuen artean paseatzera. Konforme, ezin dira konparatu, baina badauzkate amankomunean zenbait kontu. Esate baterako, Landakogunean elkartzen diren milaka pertsonek gure kultura zer edo zer badela sinestarazten digutela, euskaraz bizi litekeela, eta bagarela nor urtean behin, gutxienez. Hori ere badelako Durangokoa.

Biek ala biek jendea mugitzen dute, emozionatu eta sumindu. Fobiak eta filiak eragiten dituzte. Lausenguka jarduteko parada, gaizki esaka ibiltzeko aukera ere ematen digute. Kritika zorrotzak sortzen dituzte batak zein besteak euskal intelligentsiaren artean… Baina zer izango litzateke Euskal Herria horrelakorik izango ez bagenu? Haserrealdirik eta ezinikusirik sortuko ez balitz? Askoz ere aspergarriagoa, duda gabe.

Era berean, honek guztionek iradokitzen digu hegemonikoak ere izan gintezkeela, kultura “normala” ―norbaitek normalitatea zer den azalduko baligu, ederra mesedea egingo ligukeena!― dugula sinestarazi. Eta gu geu adoretu ere egiten gaitu, posible delakoan lortzea gure helburua.

Eta, zergatik ez esan gaizto eta prosaikoago jarrita, BECekoak balio izan digu luze edo labur igande oso baten etb1-i begira egoteko. Domeka bat kirol barik euskarazko telebista publiko bakarrean! Hori ere harrigarria, gogoangarria, nahiz eta batzuek kexak entzun ditugun ordu gehiegitxo ere bazirelako! Inoiz ezin ase denon gustuak!

Benetan kezkatzen nauena, baina, beste kontu bat da. Ekitaldi horietan bietan metatzen den energia eta indar horiek non geratzen diren, nora doazen, zer bihurtzen diren. Parte-hartzaile bakoitzaren barruan geratzen da zati ñimiño bat? Ilusio bat eroango ote dute euren bihotzetan etxera? Edo fisikako legeek diotenaren kontra, energia hori galdu egiten da? Egunen joan-etorrian urardotu? Egunerokotasunean xahutu?

Energia eta indarra ez ezik, kezka eta buruhausteak ere eragin dizkigu txapelketak. Ez berriak, baina bai areagotuak. Kristalezko sabaia, esaterako. Piramide itxura du emakumeen partaidetzaren grafikoak. Itxuraldatzeko premia gorria du, bertsolaritzan zein bizitza korrientean.

Amaitu da finala. Maialen Lujanbio da irabazlea.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua