Berogailua
Tipula formatoa zen niri gustatzen zitzaidana: kamiseta, alkandora, jertsea (bat edo bi), txamarra eta bufanda. Berotu ahala, poliki-poliki kentzen hastekoa. Ez zen erraza klaseak aguantatzea ia berogailurik gabe. Horregatik gure geruza guztiak.
Orain, ostera, beste muturrera pasatu gara. Kalean 5 gradu, baina barruan 23. Trenean, liburutegian, eskolan, euskaltegian....beroak akabatzen (horrelako esamolderik ez dago,barren, euskaraz!). Jendeak maga hutsean egon nahi du lanean, jertserik barik, eta horretarako jo ta fuego igo berogailua. Ez da normala kalefazioa topera izan eta leihoa zabalik edukitzea beroaren beroaz. Hori bai, egunen batean berogailua hondatu, edo arazoren bat izanez gero, hortzak kriskitinak jotzen ibiliko gara
Zorri hil piztuak gara, aberats berriak. Mutur batetik bestera joan gara, Tropikoan biziko bagina bezala, artilezko galtzerdiak eta alpakazko jertseak alde batera lagata. Makina bat jertse eder eta polit daukat nik armairuan, jantzi ezinda, abandonatuta, toki guztietan ito egiten naizelako; batez ere leku publikoetan...inoren diruarekin erraza da infernuan baino beroago egotea.
Ez berbarik egin aldaketa klimatikoaz, ezta berotze globalaz ere. Are gutxiago energia aurrezteaz. Oilasko lantegi batean bizi direla dirudi. Oiloek erruteko behar duten tenperatura behar dute-eta, lanean jarduteko. koittaduak, gizajuak ilea galdu zuten eta Kantauri alde hau hotzegia da eurentzat!
Txitak hazteko eredua baino nahiago Evo Moralesena, bai horixe!
Erregular! Beinke! Ez dakizu zelako burrukia dakaten lantokixan. Jentiak ez daki termostatuak zertarako dirazen be. Eta gela bat bizkor berotzeko sistemarik bizkorrena ATIA IXTIA dala, ez estufia topera ipintzia.