Aurrea hartzearen gizartea
Zapatu goiz-eguerdi askotan bezala, errekaduak egitera joan naiz auzoko supermerkatura. Bueltaka nenbilela hara non topatzen dudan sanblas opilak saltzen. Sanblasak orain? pentsatu dut, otsailaren 5ean da, barren! Baina segituan konturatu naiz Gabonetako turroiak-eta urriaren erdi aldean jarri zituztela, jaiak baino hilabete luze bi baino gehiago! Buruan iltzatuta geratu zait, eta bertatik irtetean, ondoko "dena ehunean" dendan Aratusteetako jantziak ikusi ditut erakuts-leihoan. Hilabete eta erdi falta da!
Askotan sentitzen dut gure gizartean momentua bizi beharrean etorkizuna bizi dugula, orainean egon beharrean geroan gaudela. Adibidez, euskaltegiko klaseetan ikusten dut sarritan, ikasle batzuk amaitu baino 15 minutu lehenago hasten dira urduri jartzen, jasotzen ia-ia, aulkian erdizka jesarrita, hanka bat luzatuta eta jaikitzeko prest. Ikasle horiek gorputza gelan dute, baina burua dagoeneko, ez. Alferrik da ezer esatea, ez dute ezer barneratuko; izan ere, euren burua hurrengo aktibitatean daukate.
Tristea dela esango nuke, tarte horietan pertsona horiek ez daudelako inon, eta ezin dute egoera bataz ez besteaz disfrutatu (ez aprobetxatu, euren bizitzetan berba nagusia: aprobetxatu!). Gure amamaren (eta bere belaunaldiko andreen) tiraderaz gogoratu naiz, eta barruan gordetzen zituen kamisoi eta barruko arropa dotore eta berriaz, sekula erabiltzen ez zuena, ospitalera eroateko zelako, badaezpada ere gordeta. Edota pasta-kaxa hura beti egoten zena etxean, inoiz inor bisitan baletor, ateratzeko. Inoiz ez zena erabiltzen, eta zabalduz gero, iraungita zegoena…
Halako zenbat? Udako oporren planifikazioa Gabonetan, ezkontzen datak urte bi lehenago, kontzertu sarrerak sei hilabete aurretik salgai, haurtzaindegian umea apuntatu jaio baino lehen… zelako azelerazioa, aurreikuspena, planifikazioa,… Bizitza erdi planak egiten, aurrea hartzen, jakin barik etorkizunak zer ekarriko digun.
Ez dut esango ezer ez denik aurreikusi behar, planifikatu eta antolatu. Aurrea hartu behar zaio denari, baina hainbeste? Esango nuke "Txitxarra eta txindurria" fabula oso sartuta daukagula buruan, ez dakit zeren edo noren interesetan. Dena den, pentsaera hori zabaltzeaz arduratu direnak, esango nuke, etorkizunik ez balego bezala jokatu dutela. Nortzuek? Gobernatzen gaituztenek, gu etorkizunaren pean uztartu, zamatu eta kateatu gaituzte; eta eurek biharko egunik existituko ez balitz legez, xahutu dituzte denon diru eta ondasunak.
Arrazoiak arrazoi, nire iritziz, askoz zoriontsuago biziko ginateke gutxiago planifikatu eta gutxiago arduratuko bagina datorren urteaz, eta gehiago ahaleginduko bagina momentua, orain aldia bizitzen eta disfrutatzen. Beraz, erlaxa gaitezen eta carpe diem!