Armena
Eibarko armagin familiakoa naiz. Gure tailerra etxe azpian zegoen, edo hobeto esanda, gure etxea tailer gainean. Horrela bizi izan ginen, jaio nintzenetik ia hogeita hiru urte bete arte, eskopeta kaxa, kanioi eta taladrina usainaz inguraturik.
Eskopetak egiten zituzten, Francok Star enpresari baino ez ziolako pistolak egiteko baimena eman. Baina tailerra heren-aititak sortu zuenetik gerra zibilera arte pistola fabrika izan zen.
Harira ez datozen kontu batzuengatik, aurreko krisian tailerra eta etxea eraitsi zizkiguten, eta lan horietan ziharduten beharginek tabike baten ostean pistola zahar bi aurkitu zituzten kutxa batean. Sekulako iskanbila sortu zen, obra geratu, guardia zibila etorri eta eroan egin zituzten.
Familiak ez zuen aurrekoen ezer gordeta, eta erabaki genuen pistola horiek berreskuratzea, gureak baitziren, tailerraren marka zeramatelako.
Sekulakoak egin behar izan genituen. Guarda zibilak erabiltezin bihurtu zituen, eta gainera, gutako batek bildumagile bihurtu behar izan zuen. Eta okerragoa dena, noizean behin (gutxitan) Eibarko koartelera eraman behar dira guardia zibilak ikuska ditzan. Hau guztiau, gerra aurreko pistola batzuengatik. Gainera, pistoletako bat zeharo ugertuta dago, besteak itxura hobea duen arren.
Historiatxo hau zertara datorren galdetuko diozue zeuen buruari. Bai, intro luzeegia esan nahi dudana esateko. Hipokrisiaz dihardut, bai, desarmeaz dabiltzan horiez: zelairen baten abandona ditzatela proposatzen duten horiez, Gipuzkoako foru aldundiaren eskuetan lagatzeko adierazten dutenez, armak utzi eta listo, desarmea erraza da esaten dutenez,… Nik ez dakit nola egin behar den, baina kontuak gaitzagoak dira, ziur.
Pistola zahar legal birengatik horrelakoak egin behar badira, zer ez ote da egin behar erakunde ilegal baten armategi ezkutu eta barreiatu osoa berreskuratu, garraiatu, egiaztatu eta deuseztatzeko?
Eibarko koartel-etxera joatea baino gehiago, ziur!