Andre histerikoak
“Histerikoak tumatxak gara, galduak, vouyeur-ak, seduzitzaile konpultsiboak, diva finak Freud eta Lacanen dibanera jaurtiak...” kantatzen du Liliana Felipek Las histéricas-en.
Abesti hori gogoratu nuen Twitterren lagun batzuen elkarrizketa irakurrita. Plastiko beltzen atzeko neska gazteez ziharduten Hondarribiko alardearen ondoren.
Jaime Altunak zioen neskak plastiko beltzen ostean zeuden bitartean, mutil eta gizonak alarde baztertzailean zebiltzala desfilatzen, lasai eta eroso, inongo kontaktu barik gatazkaren alde bortitzenarekin, txaloak jaso eta parranda egiten. Jaizkibeleko kideekin elkartzen diren tokietan ez dagoelako gatazkarik. Jaizkibel konpainiako ezagunak agurtzen dituzte, elkarrekin hitz egiten dute, “ondo-pasa” esaten diete… Mutil eta gizon. Hortxe gakoa.
Begiak zabaldu zizkidan. Neskatilak dira aurpegia ematen dutenak, plastiko beltzean ostenduta. Bitartean, gizonezkoek disfrutatu eta luzitu. Gizonak “normal” eta natural; andrazkoak, ostera, histerikoak. Histerikoak eskopetarekin irten nahi dutelako. Histerikoak, plastiko beltzekin matxismoa defendatzen baitute.
Beti histerismoak jota, jakinekoa baita histeriko berba femeninoan deklinatzen dela.