Amildegiaren ertzean
Amildegiaren ertzean dago. Pausua noiz emango, aspaldi amesten. Inoiz ausartu barik, sekula indarrik batu gabe, inpultsoa hartu eta amiltzeko.
“Gizonarendako urrats txikia, baina gizateriarendako jauzi handia” esan zuen astronautak. Berak, alderantziz zioen: “jendearendako urrats ñimiñoa, pertsonarendako salto mortala”. Kontutako balu, barre egingo liokete, errukiz begiratuko.
Amildu da, ausartu. Marianetako fosa baino sakonagoa den zulora egin du jauzi, kostata. Uste baino errazago, uste baino naturalago. Premia baitzen.
Murgildu ondoren irten da, onik, baina nora ezean, jakin barik zer izan den ausarkeria hori. Sentimenduen burrunban, ahoa arima bihurtuta; ezpainak, gorputz oso.
Noragabean dago, pozik baina nahastua. Sinetsi ezinda. Lehen bezain aztoratu, deskubritu duelako oraindik hamaika amildegi falta zaizkiola, eta denetara egin beharko duela salto, denetatik irtengo dela artega, alai eta asaldatuta, etengabe. Ezjakin, halere, buru barruko amildegietan murgilean egiten ez baitu ikasi, arrain abisal izateko ez baita jaio.