Amaia eta Iker
Amaia Agirregabiria eta Iker Rokandio kartzelarako bidean dira. Amaia Pasaiako alkatea izan zen aurreko legealdian, eta Iker udal horretako legelaria. Espetxe zigorra ezarri diete emakume baten eta udaltzain biren artean gertatutako trafiko liskar batean bitartekari-lana egin zutelako. Urte bi, sei hilabete eta egun bateko kondena dute, eta zazpi urteko gaitasungabetzea. Hau guztiau prozesu kafkiar baten ostean.
Seguruenera, fede onez egin zutena ez da legezkoa izango, baina kezkagarriena da horrelako kontu batengatik kartzelara joan behar izatea. Baina gure munduan dena konpontzen da espetxearekin. Uste dut egin zutena ilegala bazen, badaudela beste modu batzuk “zigortzeko”. Gaitasungabetzea zazpi urterako ez da zigorraldi makala, gero! Batez ere, administrazioko behargina izanda, lan barik geratzea esan nahi duelako.
Begitantzen zait kasu batzuetan errazegi ematen dela espetxeratze agindua. Betiere, horretan asko laguntzen du euskalduna edo katalana izateak. Edota behartsua, Les Mecaniciens-ek kantatzen zuten lez: “Lapur txikiak kastigatzeko nonahi badago kartzela, handiak hor ikusten ditut paseoan dabiltzala”.
Zuek ikusi nahi zaituztegu paseoan Pasaian eta Eibarren. Lehenbailehen.